Izen-emateak Picter plataformaren bidez baino ezin izango dira egin; bertan, oinarriak, ohiko galderak eta parte hartzeko baldintzak kontsulta daitezke.
Jon Uriarte, Getxophotoren komisarioaren testua
Garraiobideen eta komunikazio-teknologien garapen globalak mundu erabat interkonektatua eta interdependentea eratu du. Pertsonen, komunitateen eta botere publiko eta pribatuen arteko elkarrekintza azkarragoa eta iraunkorragoa duen nazioarteko agertokia. Informazioaren eskuragarritasunak eta migrazio-fluxu handiek planeta-kontzientzia moduko bat sortu dute, batetik, kulturak hurbilduz edo harreman eta helburu komun berriak ezarriz, eta bestetik, gero eta handiagoak diren desberdintasun ekonomikoak, aurreiritzi ideologikoak eta politika erreakzionarioak agerian utziz.
Eszenatoki berri honetan, teknologia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-fenomeno batzuk partekatzearen nozio tradizionala eguneratzen ari dira. Eskuzabaltasunean eta integrazioan oinarritutako elkartasunaren ideia komunitateen arteko hierarkiak ezartzen ditu. Bide horizontalak eta errespetuzkoak, bizikidetzan oinarritutakoak eta desberdintasuna ospatzen dutenak aldarrikatzen dituzten mugimenduek elkartasunaren ideia hau aldatzen ari dira. Bizi ari garen larrialdi klimatiko globalean, planetako baliabide natural mugatuek nazioz gaindiko erantzunkidetasunerako eta biziraupenerako borondatea eskatzen dute. Egoera konplexu horretan, Interneteko informazioaren liberalizazioak polarizazioa sustatu du, eztabaida publikoen arreta adierazpen-askatasunaren eta zaintza-kapitalismoaren mugetan jarriz. Ondasunen metaketa indibidualak eta pandemia globalaren testuinguruan, desderdinarekiko beldurrak zuzentzen duten mundu honetan, partekatzeko eskubideak, beharrak eta erantzukizunak berebiziko garrantzia hartu dute. Eta horregatik hain zuzen ere, partekatzearen ideia barneratzen ari den adiera berri horiek aztertzea proposatuko da GETXOPHOTO 2021ean.