Udalerrian etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzea proposatuko du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 20a, 10:53

Getxoko EH Bildu taldeak mozioa aurkeztuko du udalerrian etxebizitza turistikoak mugatzeko araudia eskatzeko. Izan ere, koaliziokoek adierazi dutenez, osasun-krisiak turismoaren gorakada eten duen arren, horri lotutako etxebizitzen fenomenoak ez du etenik izan. "Hori arautzea behar dugu, beranduegi izan baino lehen".

COVID-19ak eragindako osasun-krisiak turismoaren gorakada eten badu ere, etxebizitza turistikoen fenomenoak ez duela etenik deitoratu du EH Bilduk. Getxon, esate baterako, 90 etxebizitza turistiko erregistratuta daude gaur egun; Algortako Portu Zaharra bezalako auzoetan, etxebizitza-mota horiek prezioen gorakada eragin dezakete, auzo-bizitza kaltetuz eta gentrifikazioa bultzatuz, azaldu dute koalizio abertzalekoek.

Hori dela eta, udal-talde horrek mozioa aurkeztuko du urtarrileko osoko bilkuran, udalerrian etxebizitza turistikoak arautzeko asmoz, "beranduegi izan baino lehen". Azaldu dutenez, gaur egun Getxon ez dago udal-mailako araudirik etxebizitza turistikoak mugatzeko, bete behar den araudi bakarra Eusko Jaurlaritzaren 101/2018 dekretua da. Horren arabera, etxebizitza partikularra bere osotasunean edo logelaka turismora bideratu gura izanez gero, nahikoa da Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailean Erantzukizunpeko Adierazpena aurkezteagaz, EH Bilduk azaldu duenaren arabera: "Dekretu horren arabera, 25 metrotik gorako azalera erabilgarria duen edozein etxebizitza bideratu daiteke jarduera turistikora, bizitoki erabilera baldin badu. Hau da, edozein solairutan garatu daiteke negozio hau eta ez da irisgarritasun neurririk bete behar".

Udal-araudi zehatzik egon ezean, jarduera hori ekiditeko modu bakarra da Eusko Jaurlaritzako Erregistroan etxebizitza inskribatu aurretik Jabego Komunitate bakoitzak jarduera debekatzea eta estatutuetan jasotzea, Jabetza Erregistroan formalki inskribatuz. "Baina azken hori, ezjakintasunagatik, gutxitan gertatzen da, eta auzokideek erreakzionatzen dutenerako beranduegi da etxebizitza turistikoa jada Erregistroan izena emanda dagoelako, ez delako behar komunitatearen baimena jarduera hasteko", EH Bilduren esanetan.

Horren aurrean, asko dira udal-araudi propioa egin dituzten udalak, hala nola Donostia, Bilbo eta Gasteiz. Getxon, aldiz, kontutan hartuta bertako etxebizitzen prezioa eta turismoak duen indarra, EH Bilduk uste du "ezinbestekoa" dela etxebizitza turistikoak erregulatzea eta mugatzea. Hori dela eta, koalizio abertzaleak horretarako proposamena aurkeztuko du urtarrilaren 28ko osoko bilkuran. Arauketa horretan, besteak beste, jarduera horretara bideratu daitezkeen etxebizitzen kopurua mugatuko litzateke, etxebizitza turistikoak eraikin bakoitzaren lehenengo solairuan bakarrik sortuko lirateke, eta Algortako Portu Zaharrari arreta berezia emango litzaioke, "turismoak auzo-bizitzan izan dezakeen kaltea ekiditeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun