"Hainbeste entrenatu eta gero, guretzako premio itzela izan da igotzea"

Ander Zarraga 2021ko urt. 22a, 09:00

Getxo Rugbyko nesken taldeak Ohorezko B Mailara bueltatzea lortu dute, pandemiagatik igoera erabakiko zuen playoff-a zazpi hilabetez atzeratu eta gero. 

Jaitsi zirenetik Neskak Getxo Rugby taldearen helburua Ohorezko Mailara itzultzea izan da, eta hori lortu zuten iazko denboraldi ez ohikoan. Martxoan Euskal Ligako Txapelketa irabazi eta gero, Ohorezko B mailara igotzeko playoff-a jokatzeko pasea lortu baitzuten.

Itxaso Reina jokalariak kontatu du taldeak hasieratik argi zeukala helburua zein zen: Ohorezko Mailara bueltatzea. Horretarako, gogor aritu direla baieztatu du jokalari gazteak, eta hori lortzea beraientzako premio «itzela» dela azpimarratu du. Hala ere, argi dute urtarrilean hasitako denboraldi berria ez dela erraza izango; aurreko bi denboraldiak, Euskal Ligan eman dituztenak, "nahiko erraz" irabazten zituzten partidak, baina orain lehia berdintsuagoa izango dela dio.

Ohorezko B Maila «Taldeak onak dira, baina aukera dago jokalari berriek ere jolas dezaten, ez lehen bezala»

Apirilean jokatu behar zuten playoff-a azarora arte atzeratu zen, pandemiaren ondorioz. "Apur bat airean zegoen jokatuko genuen ala ez. Udan gertatuko zenaren jakin-minez geunden, eta arauek uzten ziguten moduan entrenatzen genuen", gogoratu du jokalariak. Azkenean, playoff-a azaroaren 29an, Toledon, jokatzeko aukera izan zuten, baita mailaz igotzeko pasea lortu ere, GEiEG (10-5), Pingüinas Burgos (32-5) eta Toledokoak (22-9) garaitu ondoren.

Taldea 2017/2018 denboraldian Euskal Ligara jaitsi zenetik, Ohorezko Maila bi kategorietan banatu da. Lehenago, Ohorezko Maila oso "profesionala" zela eta, bertan zegoen maila altuagoa zela kontatu du Reinak. "Orain, Ohorezko B Mailan taldeak onak dira, baina aukera dago berriak diren jokalariek ere jolas dezaten; ez da lehengo Ohorezko Mailaren modukoa", argitu du.

Azken urteetan taldea asko hazi dela adierazi du gazteak; orain, 18 eta 35 urte bitartean dauden 28 neskek osatzen dute.

Denentzako kirola "Errugbian edozein motatako gorputza duten pertsonentzako tokia dago: lodiak, argalak, altuak..."

Reinak dio gero eta neska gazte gehiago ari direla animatzen errugbira jokatzera. Futbolean edo saski-baloian ez bezala, errugbian edozein motatako gorputza duten pertsonentzako lekua dago: "Berdin dio lodia, argala, altua ala txikia zaren. Kontua da gogoa edukitzea jolasteko eta entrenatzeko". Gainera, emakume moduan errugbian jokatzeak ahaldundu ere egiten duela dio gazteak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun