Urte berria oraindino ez da hasi algortarrontzat. Xuan Hai Ngo ostalariak, berbarako, otsailaren 12an hasiko du Tet Nguyen Dan edo Vietnameko urte berria: “Tira, egia esaten badizut, guk birritan ospatzen dugu, hemengoa lehenengo, eta gero gurea”.
Hiru hamarkada igaro dira Xuan Algortara heldu zenetik, bere 8 neba-arreba eta gurasoekin batera. Txina eta Vietnamen gatazkaren ondorioz alde egin zuten, errefuxiatu, Xuanen familia Vietnamen bizi zelako eta jatorri txinatarra zutelako: “Horregatik ulertzen dut oso ondo Euskal Herriko edo Kataluniako gatazka”.
Madril hirira iritsi eta gutxira, argi izan zuen Euskal Herrira etorri nahi zuela, nahiz eta gurean inor ez ezagutu: “Itsasoa zuen leku batera joan nahi nuen, lur emankorra izango zuena”. Izan ere, lotura handia sentitzen du Xuanek kostaldearekin: “Itsasoa sendagarria da. Eta, gainera, bertan surfa ezagutu dut; nire afizio nagusia”.
Sukaldaritza ere da bere pasio nagusietako bat. Hala, hasieran, Hong Kong izeneko jatetxe txinatarra sortu zuen Algortako erdigunean, baina, beranduago, negozioari buelta bat ematea erabaki zuen: “Krisia heldu zen eta pentsatu nuen jatetxe vietnamdar batek arrakasta handiagoa izan zezakeela”.
Gaur egungo krisia ere kezka handiz bizi du Xuanek: “Ez dakit nola eutsiko diogun egoera honi, oso gogorra izaten ari da”. Urte berriari desiorik eskatzekotan ere, ez du inolako zalantzarik: “Covid-19a eragiten duen birus hau behingoz amaitzea!”.
Elkarrizketa hasi dugun bezala amaitu dugu: barre artean. Xuanek ez baitu galtzen irribarrea aurpegian, maskara izan arren: “Lagunek esaten didate botoi bat dudala, eta, hura sakatzean, barre-algaraka hasten naizela!”. Eskerrik asko, Xuan, eta Chúc mùng năm mói!