Nork esango zuen COVID-19ak eragindako konfinamenduak eta egoera nahasiak bide berriei ekiteko aukera emango zuenik. Txinatarren arabera, krisia edo wei chi adierak “arriskua” eta “aukera” adieraz dezake. Ongi daki hori Iratxe Unzurrunzaga Garate algortarrak; eskulanen eta arte aplikatuen tailerren irakaslea da bera eta, konfinamendua ezarri ondoren, lan barik gelditu zen: “udalek ez dituzte lizitaziorik eskaintzen orain”. Egoera horren aurrean, aspalditik probatzeko zuen marrazketa-teknika batean murgiltzeko aukera topatu zuen, “denbora soberan nuen eta”. Izan ere, ordura arte ezinezkoa egin zitzaion Zentangle-aren munduan sartzea, orain gutxira arte ikastaroak aurrez aurre egin behar zirelako.
COVID-19ak agerpena egin zuenean, aldiz, Madrileko emakume batek doako ikastaroak eskaintzen hasi zen online, eta, horri esker, teknika horrekiko lehenengo harremana izan zuen algortarrak. “Segituan harrapatu ninduen, teknikaren atzeko filosofia ezagutu nuenean batez ere”. Hala, Zentanglean gehiago sakontzea erabaki eta, hamaika ikastaro egin ondoren, irakasle gisa jarduteko zertifikazioa lortzea erabaki zuen, azaroan. “Hasiera batean, horretarako kurtsoa aurrez aurre egin behar zen baita ere, AEBetan edo Alemanian; koronabirusa dela eta, baina, azkenean, online egitea ahalbidetu zuten sortzaileek”, azaldu du artistak. Une honetan, EAE mailan Zentangle-irakasle gisa aritzeko pertsona bi daude, baina aktibo dagoen bakarra da Unzurrunzaga, baita euskarazko ikastaroak eskaintzen dituen bakarra ere.
Aurrez aurreko ikastaro batzuk eskaini ondoren, online bidezko bi proposatu ditu orain algortarrak: euskarazko eta gaztelaniazko bana. Dioenez, ideia da astean behin bi orduz aritzea, gidatuta, norberak teknika ulertu, horretan sakondu eta irudiak egiteko. “Behar bakarra da 7 urtetik gora izatea, ez dago bestelako adin-mugarik”. Izan ere, azpimarratu duenez, edozeinek egin ditzake irudi politak.
Zentangle®
Sormena sustatzea, norbere buruarekiko konfiantza bultzatzea edo arreta- eta estres-nahasmenduak murriztea dira, besteak beste, Zentanglea praktikatzeak dituen onuretako batzuk.