Amaia Agirre, Getxoko alkatea

"Ez da erlaxatzeko unea"

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 25a, 17:41

Azken egunotan Getxon bizi izan den intzidentzia-tasa dela eta, COVID-19ari aurre egiteko aurreikusitako eremu gorrian sartu da udalerria. Hartara, bihartik, martitzenetik, aurrera, Getxoko ostalaritzak pertsiana jaitsi beharko du, kontrakoa esan arte. Horren aurrean, Amaia Agirre alkateak gogoratu du denon ardura dela osasun-gomendioak betetzea: "Erantzukizun indibiduala beharrezkoa da ondasun kolektiboaren alde".

Getxo eremu gorrian sartu den honetan, Amaia Agirre udalerriko alkateak adierazi du denon ardura dela COVID-19ari aurre egiteko neurriak betetzea. "Erantzukizun hori saihestea zigorra da ostalaritza bezalako sektoreentzat, birusa eragiten ari den krisiak bereziki kaltetuta. Udal gobernuak bere konpromisoa berresten du ostalaritza sektorearentzat den laguntzen ildo batekin. Gainera, sektore ekonomikoari ziurtasuna emango dion sistema bat lantzen ari da, ezohiko ildo batekin, eta hori prest dagoenean aditzera emango da", azpimarratu du.

Alkateak gogoratu duenez, bestalde, txertaketa-kanpaina abiatu da Getxon, gehienbat egoitzetan dauden pertsona ahulenei lehentasuna emanez. "Hori albiste ona da, konponbide baterantz goaz".

Datuak, kezkagarriak

Azkenengo datuen arabera, EAEko zaharren egoitzen datuak alarma piztekoak dira hainbat puntutan egondako koronabirus-agerraldien ondoren. Eskualdearen kasuan, Getxoko Beato Domingo Iturrate egoitzan topatu dituzte kutsatutakoak, 5 denera; Urdulizko Santamariñen, aldiz, 17 kasu atzeman dituzte. Azken horietatik, erabiltzaile bat ospitalera bideratu da, 9 erabiltzaile unitate soziosanitario espezializatuetara bideratu dira, eta gainontzekoak sintomarik daude zentroan; profesionalei dagokienez, 6k eman dute positibo.

 

Aste-akabuko zehapenak Getxon

Getxoko Udaltzaingoak 216 isun-proposamen egin ditu aste-akabuan COVID-19ari aurre egiteko araudia ez betetzeagatik, hala nola maskara ez eramateagatik, kalean edari alkoholdunak kontsumitzeagatik eta gehienezko 6 pertsonako taldeak ez errespetatzeagatik, udal-iturriek jakinarazi dutenez. Era berean, 16 ostalaritza-establezimendu salatu dituzte 20:00etan ezarritako ordutegia bete ez dutelakoan. Gainera, 5 pertsona salatu dituzte baimendutako alkoholemia-indizeak gainditzeagatik.

Gertakaririk aipagarriena zapatu gauean, hilaren 23an, jazo zen, Algortan, Sarrikobaso kaleko gazte-lonja batean ustez festa bat zegoela jakinarazi ondoren. Hainbat polizia bertaratu ziren eta 17 gazte aurkitu zituzten barruan, guztiak adin nagusikoak, dantzan, edaten eta maskararik gabe, iturrien arabera. Bertan zeuden pertsona guztiak identifikatu ondoren, araudia ez betetzeagatik zehapen-proposamenak izapidetu ziren. Kasu honetan, gazte bakoitzari 3 zehapen-proposameneko akta egin zitzaizkion: bata, maskara ez erabiltzeagatik; beste bat, 6 pertsonako gehieneko taldea ez errespetatzeagatik eta, hirugarrena, gaueko ordutegia ez betetzeagatik; izan ere, agenteek 22:25ean eman zioten hasiera operazioari (etxeratze-agindua 22:00etan baita). Pertsona horietako bakoitzak 1.000 eurotik gorako zigor ekonomikoari egin beharko dio aurre, polizia-iturriek azaldu dutenez. Lokala hustu eta itxi egin zuten. 

Bestalde, 5 pertsona salatu zituzten edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Horietako 2 bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik ikertu zituzten, botatako arnasan 0,60 mg/l-ko alkohol-tasa gainditzeagatik, eta, beraz, epailearen esku jarri zituzten; eta beste 3 pertsonei administrazio-salaketa jarri zitzaien 0,25mg/l-ko tasa gainditzeagatik. Bost pertsona horiei gaueko ordutegian zirkulazio-askatasunaren muga ez errespetatzeagatik ere jarri zitzaizkien salaketak; izan ere, 22:00ak baino beranduago atzeman eta salatu zituzten eta ez zuten inolako arrazoirik edo justifikaziorik ordu horietan bide publikoan egoteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun