Gutierrez eta Lizarraga presoen alaba da Izadi; 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian, eta urte eta erdiz amagaz Picassenteko amen moduluan egon ondoren, duela aste batzuk aita-amakaz bizi da Aranjuezeko familien moduluan. Izadi Gurasoekin Etxera plataformak jakinarazi duenez, 2020 "oso gogorra" izan da familiarentzat, otsailetik bis a bisik gabe daudelako, kanpokoakaz inolako kontaktu fisikorik gabe. "Gainera, ordutik, Izadi ezin izan da senide eta lagunekin kalera atera edo Euskal Herrira etorri, horrek bere garapenean dakartzan ondorioekin", deitoratu dute, "dispertsioak ondorio are lazgarriagoak ditu ume txiki bat tartean denean, bere inguru naturalean hezteko eskubidea ukatzen baitzaio".
Horrez gainera, azpimarratu dute "onartezina" dela 3 urte betetzen dituen egunean gurasoengandik banatzera behartuko dutela Izadi, eta, gainera, bere haurtzaroa bidaiak egitera kondenatuko dutela. "Espetxea ez da ume batentzako bizilekua, eta espetxeak ez ditu inondik inora asetzen ume batek dituen beharrak. Umearen beharrak behar den bezala aseak izateko kalean bizi behar du, etxean, gurasoen ondoan", ondorioztatu dute plataformakoek. Eta horixe izan da aste-akabuan Algortan, Burlatan eta Leitzan aldarrikatu dutena: ez dezatela Izadi gurasoengandik bereizi: "Maria eta Iñigoren askatasuna bermatuko lukeen legea bete dezatela eta Izadik kalera atera behar duen momentuan bere gurasoekin atera dadila. Hiruak, batera, etxean nahi ditugu!".
Elkartasun-keinuak, hilez hil
Modu berean, 3 urte beteko dituen egunean gurasoengandik banatzea "onartezina" dela uste dute plataformakoek. Izadik bi urte bete dituen honetan "gurasoentzako atzera kontaketa" hasi dela salatu eta, horren aurrean, "elkartasun dinamika bat" aurkeztu dute: hilabete bakoitzeko 23 zenbakidun egunetan askotariko ekimenak egingo dituzte, "egoera ezagutzera eman eta indarrak batzen joateko. Dena mezu argi batekin: Izadi gurasoekin etxean, Burlatan eta Algortan, nahi dugula!".