COVID-19aren agerpenak gizartearen alor guztiak baldintzatu ditu, baita ikasleena ere. Izan ere, gaitzari aurre egiteko martxan jarritako babes-neurriek liburutegietako ordutegiak murriztea eta ikasteko beste eremu batzuk ixtea ekarri dute. Getxon, berbarako, ikasturtearen hasieran abiatutako egoera horretaz kexu dira Algortako gazteak: "Kurtsoaren hasierarekin batera ikusi dugu liburutegi batzuk itxi eta, gainerakoetan, segurtasun-neurrien ondorioz, plazak eta ordutegiak murriztu dituztela". Deitoratu dutenez, liburutegien leku-falta aspaldikoa da, baina, orain, larriagotu ei da arazo. Hala, joan den urte-amaieran udalerriko liburutegiak eta ikasteko lekuak irekitzea eskatzeko kanpaina abiatu zuen Algortako Gazteon Amarauna gazte asanbladak. Ordutik, 812 sinadura batu dituzte, eta horiek aurkeztu dizkiote Udalari, osoko bilkuran egoera eztabaida dadin.
Neska-mutilek diotenez, beharrezkoa dute lekuon irekitzea, azterketa garaian batez ere. Aukerarik ez egotekotan, gainera, proposatu dute bestelako udal-eremu publikoak irekitzea ikasketa-gune gisa.
Kaleak hartu ikasteko
Joan den abenduaren erdian, Algortako gazteek San Nikolas plaza hartu eta ikasketa-gune bihurtu zuten hainbat orduz. "Kalean ikasi behar izan genuen Udalak gazteontzako eskaintzen dituen espazio duinen gabezia dela eta", adierazi zuten.
Igande goizean Algortako gazteok kaleak hartu genituen!
— Gazteon Amarauna (@gazteonamarauna) December 15, 2020
Kalean ikasi behar izan genuen udalak gazteontzako eskaintzen dituen espazio duinen gabezia dela eta.
Espazio propioen alde, Gazteon Amarauna!pic.twitter.com/16bIy4Nh6y