Amaia Agirre alkateak gogoratu duenez, sorkuntzarako eremu horren helburu nagusia da Getxoko ekintzaileei bere hastapenetan laguntzea, herrian dagoen talentu handia balioan jarriz. “Udalak, Ekonomia Sustatzeko bere politikaren barruan, eta Getxo itsasoari begira dagoen eta itsasoa lantzen, bizitzen eta gozatzen duen aukeren hiria izan dadin, Itsas HUB enpresa zentroa eta berrikuntza gunea sortzearen aldeko apustua egin du, Kirol Portuan, itsasoaren eta irristatzearen sektoreei lotutakoa, non udalerriak erreferente izan nahi duen. Getxok batez ere mikroenpresez osatutako enpresa-sarea du, eta horiei laguntzea da gure lehentasunezko helburuetako bat, lan egiteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak eta sinergiak sortzeko guneak bultzatuz; hori guztia arrazoizko prezioan egingo da zentroaren ibilbidearen lehen urteetan, ekintzailetza oro zailagoa denean. Getxok erreferentea izan nahi du sektore honetan, beste erakunde batzuekin elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategiarekin bat eginez eta nazioarteko ikuspegiarekin. Sektoreari lotutako enpresak instalatu nahi ditugu, tokiko ekimenak eta pertsona ekintzaileak, mikroenpresak eta startup-ak sustatzeko. Enplegua eta inbertsioa sortu, erakarri eta atxikiko duten punta-puntako enpresa eta berrikuntza-gune izatea nahi dugu”, esan du Agirrek.
Lokala
Getxo Itsas Hub 230 metro koadroko lokal batean egongo da. Horren instalazioek aukera emango dute 18 lanpostu eta erabilera anitzeko aretoak eta bilera-gelak hartzeko. Areto horiek, malgutasunez, ekitaldi txikiak, bilerak eta elkarlaneko lanak ere hartu ahal izango dituzte. Iñigo Urkitza Ekonomia Sustapenerako zinegotziak azaldu duenez, “Kirol-portua zentro horren kokaleku gisa aukeratzeko, kontuan hartu behar dira proiektu berritzaileak modu aplikatuan garatzeko dituen baldintza bereziak eta egungo itsas komunitatearekin elkar-eragiteko aukera, eta, aldi berean, portuaren eta hiriaren arteko erabileren elkarreraginaren onurak”. Abian jartzeko, Udalak 300.000 euroko inbertsioa egin du, eta urteko funtzionamendu-gastuak 25.000 euro ingurukoak izatea aurreikusten da.
Getxoko Getxo Itsas Hub udalerrian enpresak sortzea, dibertsifikatzea eta sendotzea sustatzeko udal-espazioen lagapena laster argitaratuko da BAOn. Eskabideak aurkezteko epearen hasiera behar bezala jakinaraziko da.