Guda Dantza seikote bizkaitarra bihar jardungo da Muxikebarrin 19:00etan (Ereaga aretoa), eta, bertan, skaren ikuspegi berezia gerturatuko dio publikoari, funk, rock, punk, rap eta elektro-swing ñabardurakaz. Jai-giroko musikaren aldeko apustua eginda, eduki politiko eta soziala erakusten ditu beren hitzetan, egun arte grabatutako hiru lanetan argi geratu den moduan: Lainoak eta oskarbiak (2014), Labarraren ertzean (2016) eta Argibideak (2018).
Barikuan, hilaren 5ean, musika klasikoak hartuko du lekukoa Judith Jaúreguiren eskutik (19:00, Arrigunaga aretoa); azken denboraldietan ibilbide ospetsua landu du nazioarteko aretoetan, bai errezitalditan bai orkestra famatuakaz eskainitako saiotan, berbarako Neubranderburger Philarmonie eta PFK Prague Philarmonie-agaz. Oraingoan, euskal pianistak Erromantizismoari dedikatutako programa eskainiko du, R. Schumann, J. Brahms eta F. Chopinen piezez osatutakoa.
Azkenik, Muxikebarriko asteko programazioa zapatuan, hilaren 6an, amaituko da, Ophelia (19:00, Ereaga aretoa) antzezlanagaz. Utopian konpainia getxoztarraren azken lanak Hamleten moldaketa da eta horren lengoaia eta Shakespearek idatzi zuen trama mantentzen ditu, baina zalantzan jarriz bizi garen sistema patriarkalak emakumeei mendekurik gabe eta heriotza errugabeen eldarniorik gabe gauzatzeko aukerarik ematen dien, mundua aldatzeko botere eraginkorra izatea helburu duela.
Beste ikuskizun batzuk otsailean
Otsailean ere, beste musika ikuskizunak izango dira Muxikebarrin, berbarako Koplariak (hilak 10, 19:00) izeneko kontzertua, Korrontzi taldea eta Xabier Amuriza bertsolaria elkartu dituena tradiziozko musikan garrantzi handia duen koplari omentzen duena. Hilaren 19an, berriz, En Tol Sarmiento (19:30) ska taldeak Aukera berriak bere azken lanaren kantak aurkeztuko ditu, eta, hilaren 27an, Zea Mays bandak (19:00) rock doinuak ekarriko ditu Getxora. Antzerkiari dagokionez, Konpromisoa (hilak 13, 19:00) eta ¿Cómo hemos llegado a esto? (hilak 17, 19:00) komediak antzeztuko dituzte Txalo eta Erre Produkzioak konpainiek, hurrenez hurren. Azkenik, otsaileko egitaraua borobiltzeko, Organik taldeak Sareak dantza ikuskizuna eskainiko du hilaren 20an, 19:00etan, saregile lanbidea ardatza hartuta.