Getxoko Kultur Etxeak antolatzen dituen ekimenetan behar eszenikoetarako laguntza-teknikoa jasotzeko zerbitzu-kontratua argitaratu zuen joan den abenduan udal-erakunde autonomo horrek. Plegu horretan, zerbitzua eskaintzeko bete beharreko baldintzak agertzen dira, hala nola lanpostu bakoitzeko definizioa eta horietako bakoitzaren eginkizunak. Horren harira, Teknikariok sindikatuak deitoratu du agiri horretan enpresen arteko lehiakortasuna bultzatzen dela, "langileen prekarietatearen kontura". Salatu dutenez, plegu horretan positiboki baloratzen da langileon doako lana; era berean, azpimarratu dute soinu-teknikariak ez lukeela koordinazio-lanik egin beharko, "are gutxiago zero kostuan", dokumentuan agertzen denaren kontra. "Nazkatuta gaude merkantzia hutsa izateaz!", adierazi dute teknikariek.
Sindikatutik salatu nahi dugu “Getxoko Kultur Etxea behar eszenikoetarako laguntza teknikoa” lizitazioa. pic.twitter.com/l53GGeRFIi
— TEKNIKARIOK sindikatua (@teknikariok) February 1, 2021
Pleguaren A.4 puntuak eragin ditu kritika gehien, mantenurako eta pre- eta post-produkziorako lanorduen poltsa arautzen duenak, alegia. Horren arabera, lizitazio-prozesurako positiboki baloragarria izango da enpresaren tekniko-espezialistek Getxoko Kultur Etxearentzako lanorduak egitea, doan, mantenurako eta produkziorako zereginetarako. Gehienez, pleguaren arabera, 3.700 ordu puntuatuko lirateke, doako 370 orduko puntu bana, hain zuzen ere.
HIRUKA Getxoko Kultur Etxeko arduradunakaz harremanetan jarri da, baina ez du oraindino erantzunik jaso.