Osakidetzak bere anbulantzietan segurtasun-neurriak betetzen ez dituela salatu dute

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 2a, 14:40

Anbulantzia bat, artxiboko irudian. © CADENA SER

Imanol Erdaide Eskibil getxoztarrak deitoratu duenez, Osakidetzaren anbulantzia-zerbitzuak ez ditu COVID-19ari aurre egiteko behar besteko segurtasun-neurriak betetzen. Ondorioz, salatu du egungo baldintzotan anbulantziak "kutsadura-foku bilakatzeko aukera asko" dagoela.

COVID-19aren pandemia hasi eta gutxira, Osakidetzako anbulantziek joan-etorriak egiteko erabiltzaile-kopurua murriztu zuten bidaiarien arteko segurtasun-tarteak gorde ahal izateko. Joan den abuztutik aurrera, baina, segurtasun-neurri horiek desagertu egin direla salatu du Imanol Erdaide Eskibil getxoztarrak. Erdaideri giltzurrun-gutxiegitasun larria diagnostikatu zioten duela urtebete, eta, ordutik, astean hirutan joan behar da Bilbora dialisia egitera, Osakidetzako itunpeko osasun-zentro batera, giltzurrun-transplantea egiteko zain dagoen bitartean. Bere etxetik Bilborako joan-etorri horiek egiteko Osakidetzaren anbulantzia-zerbitzua erabiltzen du getxoztarrak, bere gaixotasuna edo antzekoa duten beste hainbat pertsonagaz batera. Gogoratu duenez, arrisku handiko pazienteak dira horiek, "asko, gainera, adinekoak".

Hasiera batean, COVID-19aren pandemia abiatu zenean, anbulantzietako erabiltzaileen kopurua murriztu zuen Osakidetzak, erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia gorde ahal izateko, "ibilgailuek ez baitute aireztapenik, eta ez baitago ibilgailuaren desinfekziorik zerbitzuen artean", getxoztarrak azaldu duenez. Hala ere, joan den abuztuan segurtasun-neurriok desagertu zirela deitoratu du Erdaidek: "Anbulantziak bere gehieneko edukiera erabiltzen hasi ziren, esku-oheak erabiliz, nahiz eta horiek beharrezkoak dituzten pertsonekin bakarrik erabili beharko liratekeen". Azaldu duenaren arabera, anbulantzia-zerbitzurako azpikontratatutako enpresak 2020ko abuztuaren 16ko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren agindu bati heltzen dio; 6. puntuari, hain zuzen ere, garraio publikoei aukera ematen diena murriztutako edukierarik gabe funtzionatzeko gehienez 9 lagunentzako zerbitzuetan, betiere erabiltzaileek maskara erabiltzen badute.

Erantzunik ez

Horren aurrean, getxoztarrak lau kexa aurkeztu ditu abuztutik Osakidetzako Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzuan; abuztuan, urrian, azaroan eta urtarrilean bana. Hala ere, oraindino erantzunik jaso ez duela deitoratu du Erdaidek: "Arartekora ere joan gara arazo horretan bitartekaritza egin dezan. Oraingoz, baina, ez dugu arrakastarik izan".

Hori dena dela eta, Getxoko bizilagunak uste du baldintza horiekaz anbulantziak kutsadura-foku bilakatzeko aukera asko dagoela. Era berean, azpimarratu du bera eta beste gaixo askorentzat hilgarria izan daitekeela COVID-19a, "edo, kasurik onenean, ZIUra eramango gintuzke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun