Makila-kolperik ez da entzungo aurtengo Agate Deunaren bezperan

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 4a, 14:15

Gaur, otsailaren 4an, Agate Deunaren bezpera dugu. Aurten, baina, ezin izango da ohi bezala ospatu, COVID-19aren aurkako neurriek ez dutelako hori ahalbidetzen. Hala, ez da urteroko kaleko elkarretaratzerik ezta kantaldirik egongo herrietan. Horren ordez, Getxon, Kultur Etxeak bideo bat zabaldu du sare sozialetan, eta herritarrek eguna zelan ospatzen duten erakusteko lehiaketa bat jarri du martxan.

Urteak dira Getxoko Kultur Etxeak herriko kantari taldeak kalera ateratzeko deialdia egiten duela urtero-urtero otsailaren 4an, Agate Deunaren bezpera ospatzeko. Aurten, COVID-19ren aurkako neurriak direla eta, ez da horrelako kaleko elkarretaratzerik ez kantaldirik proposatuko. Horren ordez, Kultur Etxearen sare sozialetan bideo bat zabalduko da eta horretan hiru estilotako artista getxoztarrek parte hartuko dute:

• Nahikari Ayo (bertsolaria)
• Leyre Mesa (sopranoa)
• Alfontso Vila (saxoa)

Aldi berean, Kultur Etxeak zozketa bat abian jarri du, eta, horren bitartez, herritarrak gonbidatu ditu bideo laburretan azaltzera nola ospatuko duten Agate Deunaren bezpera. Parte-hartzaile guztien artean ikuskizunetarako sarrerak zozkatuko dira Santa Ageda egunean. Zozketan parte hartzeko epea gaur, hilaren 4an, amaituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun