Tresna elektriko eta elektroniko txikiak edukiontzi adimendun baten bidez biltzeko proba pilotua abiatu dute Getxon

Erredakzioa 2021ko ots. 15a, 13:37
Gaur goizean aurkeztu dute edukiontzi berria. © GETXOKO UDALA

Ekonomia zirkularrari buruzko proba pilotu berri batean parte hartzen ari da Getxo, Indumetal Recycling eta Recyclia birziklapeneko euskal enpresak gonbidatuta, erabilitako tabletak eta beste tresna elektriko eta elektroniko txiki batzuk (mugikorrak, ordenagailu eramangarriak, bideoak eta kamerak…) edukiontzi adimendun baten bidez biltzeko.

Egitasmo horren helburua da ahalbidetzea material baliotsuak zuzenean berreskuratzea edo birziklatzea, ekoizpen-ziklora itzultzeko. Kanpainak, "berrerabiltzeko eta birziklatzeko lankidetza-eredu baten garapena probatu nahi du, eta sistema bat barne hartzen du, alderdi interesdunek elkarrekintzan jardun dezaten, produktu horiek beren bizitza baliagarriaren amaieran berrerabili edo horien osagai birziklatuak erabili ahal izateko, hondakinak ezabatuz. Gainera, parte hartuz gero, Getxon zuhaitzak landatzea sustatu daiteke, edo deskontuak lor daitezke kanpainako establezimendu kolaboratzailean egindako erosketetan", Joseba Arregi Hiri Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak gaur prentsaurrekoan adierazi duenez.

Probak irailera arte iraungo du udalerrian, proiektuaren sustatzaile diren Indumetal Recycling (tresna elektriko elektronikoen hondakinen kudeatzailea) eta Recyclia (tresna elektriko elektronikoen eta pilen hondakinak kudeatzeko sistema integrala) enpresen kontura, Udalagaz lankidetzan. Arregik gogorarazi duenez, “gailu elektriko eta elektroniko askok baliotsuak izaten jarraitzen dute euren lehenengo balio-bizitza amaitzean, eta, edonola ere, material baliotsuak dituzte, beren balio ekonomikoagatik eta sozialagatik, ingurumen-inpaktu negatiboak ezabatuz, halakorik egin ezean. Horiek berrerabili eta birziklatzeko, bi edukiontzi adimendun jarri ditugu; bat, Romo Kultur Etxean, eta bertan utzi ahal izango dituzte herritarrek dagoeneko funtzionatzen ez dutelako, zaharkituta geratu direlako edo hobea izateagatik erabiltzen ez diren gailu elektrikoak eta elektronikoak, edukiontziaren ahotik sartzen badira (neurriak 40x27 cm dira)".

Honelako gailuak utzi ahal izango dira: tabletak, telefono finkoak eta mugikorrak, irratiak, bideo-jokoak, erloju, marko eta liburu elektronikoak, ordenagailu eramangarriak, notebookak, agenda elektronikoak, bideoak eta kamerak eta USB memoriak. Bigarren edukiontzia, Romo Ikastetxe Publikoan jarri da, ikasleek eta horien ingurukoek erabiltzeko. Edukiontzien kokapena aldatu egingo da kanpainan zehar, eta kokalekuen berri emango da.

Indumetal Recycling enpresako teknikariek hitzaldiak eman dizkiete berriki Romo Ikastetxe Publikoko ikasleei ekonomia zirkularrari, kontsumo iraunkorrari eta birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruzko kontzeptu praktikoez, edukiontzia nola erabili eta erabiltzen ez diren tresna elektriko eta elektronikoak birziklatzeko prozesuan zer helburu duen azaltzeko. Esteban Marijuán enpresako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “gizarteak aparatu horiei irtenbide jasangarria emateko beharraz kontzientziatzen laguntzeko Indumetalen aldeko apustuari erantzuten dio ekimen honek”.

Eko-kredituak eta edukiontzia erabiltzeko modua

Beste behin ere, esan du Arregik, “gure herritarren parte-hartzea eskatzen dugu; izan ere, inplikazio hori sarituko da, edukiontzian utzitako aparatu bakoitzeko eko-kreditu bat jasoko baita, eta horrek deskontuak emango ditu kanpainarekin bat egin duen Romoko Expert Mancía establezimenduan egiten diren erosketetan. Denda getxotar horrek ere laguntzen du kanpainan eta horregatik eskerrak ematen dizkiogu, egiazki. Getxoko parkeetan zuhaitzak landatzea sustatzeko eko-kredituak emateko aukera ere eskaintzen da”.

Edukiontziaren sistemak ezartzen duen erabilerari dagokionez, lehenik eta behin, “CIRC4Life” doako aplikazioa deskargatu behar da Google Playtik telefono mugikorrera (Androiderako bakarrik dago eskuragarri), erregistratu eta “Eko-kontua” sortu. Aplikazioa instalatu ondoren, edukiontzira hurbildu eta bertan adierazitako urratsak jarraitu behar dira aparatua erregistratu eta uzteko (gailuak oraindik funtzionatzen badu, paketatuta eramatea gomendatzen da, edukiontzira botatzean kaltetu ez dadin). Gailua edukiontzian utzi eta gero, apur bat itxaron beharko da pizgarria eko-kreditu moduan jasotzeko. Aldian behin, gailuak Indumetal Recycling-en tratamendu-instalaziora eramango dira ikuskatzera eta aparatuaren egoeraren eta antzinatasunaren arabera, eko-kreditu kopuru jakin bat jasoko da “Eko-kontuan”. App-agaz trukatu ahal izango dira saltokian pilatutako eko-kredituak, gehienez ere produktu bakoitzaren balioaren % 5 gainditu gabe. Hau da, 1.000 euroko artikulu bat erosten bada, 50 eko-kreditu beharko dira gehienezko deskontua lortzeko.

Eko-kredituak app beretik ematea aukeratzen bada, 20 eko-kredituko zuhaitz bat landatuko da emailearen izenean udalerriko berdegune batean, kanpainaren amaieran egingo den ingurumenaren aldeko ekitaldi batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun