Berrogei urte igaro dira Espainiako poliziak Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra torturapean hil zuenetik. Hilketa hori frankismoa amaitu eta urte gutxira jazo zen, eta, ordutik, euskal gatazkaren testuinguruan, tortura Espainiako Gobernuaren erreminta bat izan dela deitoratu zuten zapatuan, hilaren 13an, Sortuk antolatutako mobilizazioan.
Deitzaileek gogoratu zutenez, 40 urteotan milaka pertsonak jasan dute tortura, eta, oraindino, eragindako mina "inork" aitortu ez duela deitoratu zuten: "Herri honetan, oinaze larriarekin bizitzen ikasi behar izan dugu. Guardia Zibilaren, Espainiako poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan eragin zizkiguten astakeriek eragindako minak oraindik ez dira sendatu. Iraindu egin gintuzten, eta umiliatu, mespretxatu eta gutxietsi, ukitu eta ito, jo eta bortxatu, tartean, hainbati heriotza bera eragiteraino".
Manifestazioan salatu zuten tortura sistematikoa izan dela Euskal Herrian, eta Getxo jarri zuten eredu modura: "Euskal Memoriak egindako txosten baten arabera, 105 getxoztarrek pairatu dute tortura azkenengo hamarkadetan". Horren harira, torturaren errealitateak ardurak onartu eta argitzea eskatzen duela azpimarratu zuten, "bera posible egin eta denboran iraunaraztea arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazio zuzena izan duen neurrian".
Aitortu zutenez, azken urteotan aurrerapausoak eman dira ildo horretan; hala ere, uste dute oraindino asko dagoela egiteke. "Azken 40 urte hauetan 'Oso latza izan da' garrasia milaka torturatuen eztarri urratuetatik atera da, eta, beraz, badago zer arindu herri honetan". Horren aurrean, torturaren egia argitara eramatea behar-beharrezkoa dela azpimarratu zuten, "torturatuek duten aitortza, erreparazioa eta ez-errepikatzeko bermeekin batera, herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko".