Hondakin organikoak tratatzeko sistema aldatu du Bizkaiko Foru Aldundiak; hala, martxoaren 1etik aurrera, haragi- eta arrain-hondakin gordin zein kozinatuak bota ahalko dira edukiontzi marroira. Aldaketa horregaz hondakin-mota horien birziklatzeko bilketa areagotu gura dute arduradunek. Ildo horretan, Bizkaiko Konpostegia izeneko tratamendu-planta egokitu da eta, aldi berean, tratamendu-aukera teknologiko berriak bilatu dira. Zeregin horri esker, hurrengo hilabeteetan Berriatua, Getxo eta Igorre udalerrietan eskualdeko konpostatze-planta berriak ipiniko dira.
Hala, martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroian honako hauek bota ahalko dira:
- Animalia-hondakin kozinatuak edo gordinak (haragi-, hestebete-, arrain- eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren azalak, hezurrak zein gazta).
- Landare-hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, pasta eta arrozak, haziak).
- Lore- eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
- Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, te-poltsak, ogi-hondakinak, galletak eta opilak, fruitu lehorrak eta beren azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
- Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).
- Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
- Txikoria, algak, alpistea, karameluak eta gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
- Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.
Ezingo dira bota edukiontzi marroian honako hauek:
- Erraztatutako hautsa.
- Zigarro-mutxikinak eta hautsontziko hondakinak.
- Errautsak.
- Animalien gorozkiak.
- Katuen hondarrak.
- Lore-ontzietako lurra eta zohikatza.
- Olioa edo beste edozein likido, jatorria gorabehera.
- Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak.
- Paper-zapi bustiak.
- Lotura itsaskorrak, esparatrapuak, kotoia, belarrietarako kotoi-txotxak.
- Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapi eta mahai-zapiak, arrautzontziak eta uhin-kartoia, garbiak badaude, hots, edozein substantziaren hondakinik ez badute.
- Eranskailuak eta gainerako elementu itsasgarriak (fruten azaletan datozenak kendu behar dira edukiontzi marroian bota baino lehen).
- Konpostagarriak ez diren poltsak eta ontziak.
Konpostatze-planta Getxon
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak Bizkaiko Konpostegia egokitzeagaz batera, Garbiker sozietate publikoak izapideak hasi zituen hiru konpostatze-planta abian jartzeko, eta hurrengo hilabeteetan erabiltzen hasiko dira Berriatua, Getxo eta Igorren.
Planta horiek konpostatze-sistema bertikala erabiliko dute, izan ere, sistema horri esker, ahalik eta gehien murrizten baita tratamendua garatzeko espazioa. Horrez gain, kanpoan koka daiteke eta instalazioak ez du obra handiegirik eskatzen. Sistema modulatu egin daiteke, eta, ondorioz, pixkana zabalduz joango da instalazioen edukiera, beharrezkoa izanez gero.
Eskualdeko konpostatze-plantak ezartzen direnean, materia organikoaren kudeaketa deszentralizatuko da, eta, ondorioz, hondakinen zein konpostaren beraren garraio-ibilbideak murriztuko dira. Gainera, zerbitzua eraginkorragoa izango da, eta berotegi-efektuko gas gutxiago igorriko dira, bio-hondakinen bilketa eta tratamendua iraunkorrago bihurtzeagaz batera.