Itoiz musika-taldearen inguruko ikus-entzunezkoa osatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea, eta, horretarako, askotariko materialen bila dabiltza. Horretarako, taldeari lotutako erregistroren bat edo beste izan dezaketen guztiengana heldu gura dute; argazkiak, artikuluak, bideoak eta soinu-grabazioak bidaltzeko eskatu diete herritarrei.
Itoizek 1976an hasi zuen bere ibilbidea, eta 1988an desegin zen, Algortako Fadura kiroldegian azkenengo kontzertua egin eta zuzeneko album bikoitza (Eremuko Dunen Atzetik Dabil...) argitaratu ondoren; horren aurretik, Indar Trabes izenagaz kontzertuak ematen ibili zen taldea.
Ekoiztetxetik jakinarazi dutenez, "sortu zenetik taldeak jarraitzaile ugari izan zituen, eta litekeena da partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea. Orain arte informazio ugari bildu dugu, baina badakigu oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela, eta material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna, profesionala edo afizionatua, kalitatezkoa edo etxekoa izan". Hala, Itoizen inguruko informazioa edo materiala duenak archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora idatz dezake.