Gatz-ozpinetan

Fruitu lehorrak, bakoitzak baditu bere onurak

Izei Azkue Astorkiza 2021ko ots. 18a, 11:09

Ijito-beso mota bat egiteko errezeta dakart oraingoan.

Askotariko fruitu lehorrak ezagutzen ditugu, eta bakoitzak baditu bere onurak. Kontuak horrela, artikulu honetan jaki horietako batzuen ongarritasunak azalduko dizkizuet; ondoren, horiek hartu eta postre bat nola egin azalduko dizuet, pausoz pauso. Goazen bada!

Txikitatik gustuko izan ditut fruitu lehorrak, batez ere nik neuk jasotakoak. Aurreko artikulu batzuetan aipatutako Errioxako herrian hainbat intxaurrondo daude, gehienak ibaiertzean. Urtero ospatzen da gazta-azoka urriaren azken asteburuan, intxaurrak jasotzeko momentua hasten denean; egia esan, gazta eta fruitu lehorrak bikote ezin hobea osatzen dute.

Fruitu lehorrak mineral-iturri handia dira, eta B1, B3 eta E bitaminak ere ematen dizkigute. Koipe osasungarriak dituzte: omega 3 eta omega 6; proteina begetal ugari dituzte, kirola egin ondoren hartzeko aproposak direnak; eta zuntz asko dute. Hortaz aparte, fruitu lehor bakoitzak askotariko onurak ditu. Pinazi eta arbendolak hezurretarako onak dira kaltzio eta zink kantitateari esker. Pistatxoak, zuntz kantitate handiena dutenak, heste-funtzionamendurako bikainak dira; intxaurrek omega 3 iturri handia dute, eta bihotz-arazoak ekiditeko aukera ona dira; eta hurrak eta arbendolak, aldiz, dementziari aurre egiteko aproposak dira.

Onura horiek aipatuta, errezeta berri bati ekingo diogu. Oraingoan, hurrekin egindako postre bat ekarri dizuet lerrootara. Postre hori ostalaritza-eskolan egindako gozogintza ikastaroaren ondoren egin nuen ikasitako guztia praktikan jartzeko. Espero dut denontzako gustukoa izatea.

Txokolate eta hurrezko ijito-besoa

Osagaiak
10 arrautza, 250 gramo azukre, 250 gramo irin, 100 mililitro ur, 100 gramo azukre, limoia, laranja, 500 gramo esne-gain, 200 gramo txokolate, 300 gramo hur-krema eta hurrak, nahi beste.

Hasteko, bizkotxoa egingo dugu. Horretarako, arrautzak, azukrea eta irina nahastu eta irabiatu-bikoitza egingo dugu, hau da: zuringoa irabiatu azukrearen erdiarekin, elur puntura arte, eta gorringoak beste erdiarekin, tamaina hirukoiztu arte. Gero, biak nahastu eta irina gehitu. Garrantzitsua da aire burbuilak ez apurtzea nahasterakoan. Labe erretiluan zabaldu nahasketa, eta laberatu 210 gradutan, 8 minutuz. Bitartean, bizkotxoa bustitzeko urazukrea egingo dugu. Horretarako, ura eta azukrea erabiliko dugu, baita limoi eta laranja azal pare bat ere: dena sutan ipini azukrea disolbatu arte.

Amaitzeko, txokolate eta hur krema egingo dugu: esne-gaina sutan ipini irakin arte, eta txokolatearen gainean bota dena ondo nahasi arte; ondoren, hur-krema gehitu eta hozkailuan sartu. Postreari amaiera emateko, bizkotxoa urazukrearekin busti eta krema zabaldu bizkotxotik. Dena biribildu eta kanpotik krema ipiniko dugu dena estali arte. Amaitzeko, nahi dugun hur kantitatea txikitu eta besoa apainduko dugu horrekin. Listo, on egin! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun