EH Bilduk ohar batean azaltzen duenez, Alangoko gasolindegia leku "egokia" izan zitekeen udalerriko artistentzat gune berri bat sortzeko, "are gehiago Udalak Torrene erakusketa-gela itxi zuenetik, bestelako inolako alternatibarik eskaini gabe". Koalizio abertzaleak deskribatu duenez, proiektu horretan gasolindegiko estetika mantenduko litzateke, eta, bertan, taberna, terraza, erakusketa-gela eta harmailak egokituko lirateke. "Kultur ekitaldiak antolatzeko aukera egongo litzateke: hitzaldiak, erakusketak, kontzertu akustikoak, proiekzioak...", iragarri du EH Bilduk.
Oharrean azpimarratuta dagoenez, gune hori, Udalak bultzatuko balu ere, ideia da udalerriko artistek eurek kudeatzea, "modu autogestionatuan", bertan sortuko litzatekeen tabernaren bitartez. "Horretarako, prozesu parte-hartzailea abiatuko litzateke artistekin batera, eta baita inguruko auzokideekin ere, Alangoko beharrak ezagutu eta ahal den neurrian proiektuan integratzeko".
Halaber, Algortako etorbidean ere eraberritze-lanak egitea proposatu du EH Bilduk; norabide bakarra ezarriz, trafikoa lausotuz eta oinezko eta bizikletentzako guneak irabazita. "Horrela, Algorta erdigunean topaleku berri bat sortuko litzateke".