Getxoko HAPOaren erredakzioan jokaera "irregularrak" salatu ditu EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 19a, 14:18

Getxoko EH Bilduk ohar baten bidez salatu du higiezinak sustatzen dituen sozietate bateko ahalduna aholkulari gisa ari dela HAPOa berridazteko lanean, "EAJko zinegotzi baten eskariz". Hala, koalizioak deitoratu du jardunbide horrek espekulaziorako bidea eman dezakeela. Gobernu-taldeak, bere aldetik, azpimarratu du berrikuspen-prozesu horretan ez dela inolako irregulartasunik egon, eta aipatzen den pertsona hori Udaleko sektore publiko instituzionaleko langilea dela adierazi du.

Sozietate publiko baten kudeatzailea Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzeko lanetan parte hartzen ari dela deitoratu du gaur EH Bilduk. Koalizio abertzalekoek salatu dutenez, pertsona hori ez da funtzionarioa, ezta langilea ere ez. Horren aurrean, kezka agertu dute, "pertsona hori Madriguera Trust Sozietate Mugatuko ahalduna delako, lursailen sustapenean eta higiezinen esparruan lan egiten duen sozietatean, hain zuzen".

Azaldu dutenez, HAPOa 2009tik dago berriztu barik, eta hori osatzearen helburua da udalerriko lur-eremuen erabilera eta modalitateak sailkatzea. Hala, salatu dutenaren arabera, mota horretako pertsona bat plan horretan aritzeak aukera zabaltzen du lursailen izendatze eta sailkapena ezagutzeko, eta, bide batez, "onura pertsonalak lortzeko".

Oharrean zabaldu dutenez, Kontratazio eta Ondare arduradun zinegotziak eman du egoera horren berri, eta adierazi ei du sozietateetako ahaldun horri kontsultak egiten dizkiela, "asko dakielako". Horrez gainera, oharrean agertzen denez, zinegotziak gaineratu ei du aholkuak eskatu arren bera dela erabakiak hartzen dituena.

"Zalantzarik gabe, jarrera guztiz salagarria izan du arduradun politikoak, salagarria izan den bezala, ondoren, udal-teknikari baten bizkar gainean erantzukizuna ezarri nahi izatea", deitoratu du EH Bilduk. Gaineratu duenez, neurriak hartzea aztertzen ari da taldea: "Ez dugu onartuko HAPOa espekulatzeko tresna bilakatzea, ezta HAPOak etxebizitza eskubidea uka diezaiela herritarrei ere, gure herriko espazio berde eskasak eraikuntzara bideratzeko, eta era berean, batzuen poltsikoak betetzeko".

Getxoko gobernu-taldeak ukatu egin du EH Bilduk emandako informazioa

EH Bilduk zabaldutako informazioaren harira, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) dio koalizio abertzalea "gezurretan" ari dela, eta ez dela berrikuspen-prozesuan irregulartasunik. Azaldu duenez, oharrean azaltzen den pertsona Getxoko Udaleko sektore publiko instituzionalean lan egiten duen langilea da, Abra-Getxo Kirol Portua sozietatekoa, hain zuzen ere. "Getxoko Udalaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde bat da, udal-sektore publiko instituzionala osatzen duena", azaldu dute udal-iturriek.

EH Bilduk langile horrek higiezinen sozietate baten parte hartzeari buruz egindako salaketari dagokionez, eta horretarako kontsulta egin ondoren, gobernu-taldeak argitu du sozietate hori horren aitarena dela (administratzaile bakarra), adinean aurrera egin duela, eta, horregatik, 2012an semea ahaldundu zuela dagozkion kudeaketak egin ahal izateko; "izan ere, sozietate horrek aitonak Segoviako herri txiki batean oinordetzan emandako 2.000 metro koadroko finka bat baino ez du, eta hori promozionatzea du helburu bakarra", azaldu dute. Era berean, azpimarratu du sozietate horrek ez duela inoiz jarduerarik izan EAEn, ez duela jarduerarik izan 2015etik, eta, ordutik, ez duela inolako ondare-gehikuntzarik izan, ezta etekinik ere.

El Abra-Getxo Kirol Portua SAko zuzendaria hirigintzaren eta etxebizitzaren arloan ospe handiko arkitektoa dela gaineratu dute udal-iturriek, eta, hala denez, "Ondare eta Etxebizitzako zinegotziak arlo horretako prestakuntza eta aholkularitza eskatu dio".

Azkenik, HAPO berrikusteko prozesuari dagokionez, azaldu dute udal-gobernua Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko lanetan ari dela erredakzio-taldeagaz 2018tik. Era berean, azpimarratu dute ezein aholkularigaz zerikusirik ez duen erredakzio-taldea dela etorkizuneko Getxo diseinatzeko fase guztietan "gardena eta parte-hartzailea" izan den prozesu bat amaitzea lortzen ari dena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun