Ekitaldiz beterik dator Muxikebarriko martxoko egitaraua

Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 15:31
Amak laukotearen kontzertua izango da zapatuan. © GETXOKO UDALA

Askotariko eskaintza hartuko du hilabete honetan Muxikebarriko programazioak. Antzezkizunen artean nabarmentzekoak dira Puertas abiertas eta Los mojigatos lanak. Era berean, Amak eta Dead Bronco taldeen eta Andoni Barañanoren kontzertuak izango dira, baita Losers eta Ocaña antzezlanak, Biz Hitza dantza ikuskizuna ahaztu gabe. Azken asteetan gertatu den bezala, saio guztiak 19:00etan izango dira.

Puertas abiertas (martxoak 5; sarrerak agortuta), thriller-lana 2015ean Parisen gertatutako eraso terroristen lehenengo orduetan girotuta dago. Protagonistak, Julie izeneko emakumeak (Cayetana Guillén Cuervo), beste auzokide batzuk egin duten moduan, bere etxeko ateak zabalduko dizkio hiriko kolapsoa dela eta harrapatuta geratu den gazte bati (Ayoub El Hilali). Bestalde, Los mojigatos (martxoak 26) komedia polemikoan Gabino Diegok eta Cecilia Solagurenek sexu-grina galdu duen bikote baten gorabeherak azaleratuko dituzte.

Hileko antzerki-eskaintzaren barruan ere Losers (martxoak 20; euskaraz) aipatu behar da, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia protagonistak dituena. Biak berrogeialditik gertu daude eta gizarteak adin horretan derrigorrezko baldintzak deritzen bat bera ere ez dute betetzen. Azkenik, Pabellón 6 eta Makiescenicaren eskutik Ocaña (martxoak 21) lanaz gozatu ahal izango du publikoak. Lan horretan José Pérez Ocaña pintorearen 70eko hamarkadaren Bartzelonan izandako bizipen istilutsua gogora ekarriko.

Musika, dantza eta zinema

Musika atalean, martxoaren 8a ospatuko da Muxikebarrin Amak emakumezko-taldearen eskutik, trikiti-talde ospetsuen lau musikari bildu dituena abesti propioak zein beren jatorrizko taldeen kantak interpretatzeko. Hurrengo astean, martxoaren 14an, Andoni Martínez Barañano tenorrak Desde mi balcón a tu corazón diskoaren kantak aurkeztuko ditu, konfinamenduan bere balkoitik eskainitako abesti ospetsuenetako bilduma, hain zuzen ere. Azkenik, hilaren 27an Dead Bronco taldeak bere azken diskoa ere aurkeztuko du, The Annunciation, black folk izeneko estiloaren erakusle dena.

Hileko programazioak Muxikebarrin Biz Hitza (martxoak 13) ikuskizuna ere hartuko du, Aukeran konpainia eta Aitor Etxebarriaren lana, hain zuzen ere, euskara batuaren istorio berezia dantzaren bitartez kontatzen duena. Amaitzeko, martxoan Zinemabarri zinema zikloan (ostiraletan, 18:00), Vitoria, 3 de marzo, For Sama, Ex Machina eta Pride filmak proiektatuko dira, eta Zinematxiki zikloan (igandeetan, 12:00), aldiz, haurrentzako askotariko animazio-filmak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun