Inoiz baino handiagoa izan da partaidetza Ramiro Pinila Eleberri Laburren Lehiaketan

Erredakzioa 2021ko mar. 10a, 10:24
Ramiro Pinilla idazlea, artxiboko irudian.

Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren laugarren edizioak oso harrera ona izan du literatura arloan. Guztira, 192 lan jaso dira, inoiz baino gehiago, eta iazko partaidetza-errekorra gainditu da %35ean. 56 lan EAE eta Nafarroako egileek bidali dituzte –15 getxoztarrak–; gainerakoak ia erkidego guztietatik bidalitako idazkiak dira. Hizkuntzari dagokionez, aurten euskarazko hamar lan aurkeztu dira.

Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko presidenteak nabarmendu duenez, "urtez urte gora doan proposamenen kopuruak erakusten du laugarren urteurrena bete duen Ramiro Pinillaren omenez eginiko literatura lehiaketa erreferente bilakatu dela Euskadiko liburuaren sektorean". Aurten jasotako obrak askotarikoak izan dira: historikoak, zientzia-fikziokoak, eleberri beltzak, filosofikoak, kostunbristak eta sentimenduzkoak, besteak beste. Aipatzekoa da, halaber, konfinamenduak garrantzi handia izan duela zenbait eleberritan, gai nagusi edo oinarrizko girotze-elementu gisa.

Getxoko Kultur Etxeak sustatzen duen lehiaketa horrek, Pinillesca kolektiboaren ekimenez sortutakoak, bi helburu ditu: idazle ospetsuaren oroitzapena mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatu. Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.000 eurokoa. Epaimahaiak, literatura arloko aditu ospetsuek osatutakoa, irailaren 17an jakinaraziko ditu irabazleen izenak, egun horretan egingo den sari-banaketa ekitaldian. Sariaz gain, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek. Egun arte, argitaletxe komertzialek agitara eman dituzte saritutako eleberri guztiak, bat izan ezik.

Haur lehiaketa

Helduentzako lehiaketarekin batera 4. Txiki Baskardo kontakizunen lehiaketa ere abian jarri da. Ramiro Pinillaren lana ezagutzera emateaz gain, ekimen horren bitartez DBHko 1go mailako ikasleen artean literatura-zaletasuna bultzatu nahi da. Oraingoan lau ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute, eta, aurreko fasearen ondoren, finalistak hautatuko dira.

Finala ekaineko azken astean edo uztaileko lehenengoan izango da Getxoko Kultur Etxeko lokal batean, eta 120 minutu izango dituzte luzera askeko kontakizun bat eskuz idazteko, epaimahaiak zehaztutako esaldiari jarraituz. Esaldia Ramiro Pinillaren Txiki Baskardo ibilerak liburutik aterako da. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko. Irabazleek 10 hazbeteko tablet elektroniko bat jasoko dute, eta finalistei diploma eta Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txekea emango zaizkie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun