Joan den zapatuan, hilaren 13an, 18:00ak aldera, hainbat udaltzain Azkorrira gerturatu zen, bunkerrera, inguruotan hainbat gazte edari alkoholikodunak edaten ari zirelakoan. Udal-iturrien arabera, 15-17 urte arteko 30 adingabe atzeman zituzten bertan, botila-festan ari zirela. Kontuak horrela, poliziek 58 zehapen-espediente ireki zituzten alkohola kontsumitzeagatik eta lau pertsonatik gorako taldeetan parte hartzeagatik. Gainera, hilaren 12tik 14ra, hau da barikutik domekara, beste 137 salaketa jarri zituzten osasun-araudia ez betetzeagatik.
Udaltzaingoak azpimarratu duenez, festek edo soinu handiko musikak eragindako zaratengatiko abisu kopurua handitu egin da egunotan. Hori dela eta, asteakabuko gauetan zenbait agente udalerriko 6 etxetara joan ziren, "bizilagunei eragozpenik ez sortzeko".
Datozen San Joseko zubia eta Aste Santuko oporrak direla eta, Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea, eta gogoratu du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete egin behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara) eta burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez), besteak beste.