Getxoko Azkorri ingurua babesteko bizikleta-martxa egin zuten zapatuan, hilaren 13ean, dozenaka lagunek. Ekologistek diotenez, bertako ekosistema naturala hondatzen ari da, "era askotara". Salatu dutenez, "lasai asko" dabil gizakia itsasoa plastikoz betetzen eta landak porlanez estaltzen: "Azkorriko landak, estratak, baserriak, itsasertza, txilardiak eta basoak gure etxea baino hobeto zaindu beharko genituzke, besteen etxera joaten garenean bezala; izan ere, beste espezie batzuen etxea ere badelako". Gogoratu dutenez, ekosistema aberatsa dago Azkorrin, askotariko fauna eta flora duena. Bertoko ondare historiko eta kulturalaren gordailua ere bada, eta nekazaritza eta abeltzaintzarako udalerriko azken eremua.
Hori guztiagatik, Azkorrik Babes Plan Berezia behar duela aldarrikatu dute Azkorri Bizirik plataformakoek: "Getxoko Udala prestatzen ari den HAPO berrituak hala jaso dezala eskatu dugu". Era berean, inguruotan autoaren erabilera mugatu eta bestelako garraiobideak erabiltzea aldarrikatu dute: "Azkorriko estratetan sortzen den auto-pilaketa arazoa da auzokoentzat eta naturarentzat. Hala, autoaren ordez, oinez, txirringaz edo garraio publikoz ibiltzeari lehentasuna eman behar zaio". Horri lotuta, udalerriko auzoak lotzeko garraio-sare ekologiko bat egitea proposatu dute, "auto barik mugitzeko aukera izateko".
Argazki-galeria: