Getxoko Irakurle Kluba jarriko dute martxan urriaren 18tik aurrera

Erredakzioa 2021eko urriaren 1a

Lizar Begoñak gidatuko ditu saioak.

Lizar Begoña sopeloztarrak gidatuta, joan den ikasturtean abiatutako euskarazko irakurle kluba –euskara erraza– berreskuratuko dute Getxon, hilean behin izango dena. Saioak astelehenetan izango dira, Algortako Gaztelekuan (Algortan, Urgul kalea z.g. 3. solairuan) 19:30etatik 21:00etara. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimen hau egokia da euskara ikasten ari direnentzako.

Hilean behin (astelehenetan) euskaraz irakurtzeko errazak diren liburuez berba egiteko kluba jarri dute martxan Algortan. Lizar Begoñak gidatuta, bertan, liburu zehatz batzuen inguruan iritziak, hausnarketak, ulertu ez diren kontuak eta halakoak elkarbanatuko dituzte. Hiru hilabete iraungo du irakurle klub berri horrek.

Landuko dituzten liburuak hauek dira:

  • Urriak 18, astelehena: Miren Agur Meaberen Urtebete itsasargian (B2).
  • Azaroak 15, astelehena: Alberto Ladrón Aranaren Piztiaren begiak (B1).
  • Abenduak 13, astelehena:  Agota Kristoffen Koaderno handia (B2).

Getxoko liburutegietan daborduko eskuragarri daude irakurriko diren liburuak. Aurtengo egoera dela eta, lekuak mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea: labur.eus/irakurlekluba.