Planetaren Ordua

Ordubetez udalerriko hainbat argi amatatuko ditu Getxoko Udalak zapatuan ingurumenaren alde egiteko

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 13:06

Zapatuan, hilaren 27an, Planetaren Ordua ospatuko da mundu osoan; kontuak hala, aurten ere, Getxoko Udalak parte hartuko du ingurumenaren aldeko ekimen horretan, "naturaren defentsarekin duen konpromisoa frogatzeko", udal-iturrien azaldu dutenez.

Naturaren aldeko Mundu Fondoak (WWF) sustatutako ekimena da Planetaren Ordua, eta urteakaz inoizko ingurumen arloko mobilizazio-kanpainarik handiena bihurtu da klima-aldaketaren aurkako borrokan. Espainiar Estatu osoan, ehunka udal, enpresa eta erakundeen laguntza du.

Aurrekoetan bezala, Udalak Andrés Isasi Musika Eskolako argiak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-luminariak, Evaristo Churruca kaiko argi apaingarriak eta Portu Zaharreko zelaigunekoak amatatuko ditu ordubetez, zapatuan, 20:30etik 21:30era.

Era berean, Udalak konpromisoa hartu du ekimena herritarren artean zabaltzeko sare sozialen eta hedabideen bitartez; eta kanpainaren bultzatzaileek energia aurrezteko proposatutako energia-eraginkortasunerako zenbait neurri hartzeko: hiritarrei gonbita luzatzen zaie beren etxeetan gutxienez astean behin energia aurrezteko, erabilera bakarreko plastikoak ez erabiltzeko eta garraiobide publikoan bidaiatzeko.

Kanpainan parte hartzeko, eman ezazu izena hemen: www.horadelplaneta.es.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun