COVID-19ak ere baldintzatu duen urte honetan, diru-laguntza lerro nagusiak iazkoen oso antzeko zenbatekoakaz hornitu dira. Horrela, denboraldiko txapelketetan parte hartzen duten kluben eta errendimenduko kirolarien artean 656.900 euro banatuko dira; oinarrizko kirolaren garapenerako 235.000 euro bideratuko dira; ekitaldiak antolatzeko 197.000 euroko beste diru-laguntza lerro bat ezarri da; herriko kirolak sustatzeko 55.500 euro erreserbatu dira; eta emakumezkoen kirolaren sustapenerako beste 25.000 euro zuzenduko dira. Gainera, herriko jaietan kirol-jarduerak antolatzeko (500 euro), ustekabean sortutako gastuak (100 euro) eta muturreko kiroletan parte hartzeko jarduerak antolatzeko (500 euro) lerroetan gutxieneko zenbatekoak egokitu dira. Kopuru horiek handitu ahal izango dira hurrengo hilabeteetan, pandemiaren bilakaera eta sortzen diren beharrak kontuan hartuta, iturriek baieztatu dutenez.
Laguntza horiek guztiak emateko, zenbait balorazio-irizpide bete behar dira; besteak beste, honako hauek: emakumeen kirola sustatzea, pertsona ezinduentzako jarduerak antolatzea eta klubek udalerriko kirol-politikan parte hartzea, eskola-kiroleko programen bidez.
Klubek eta pertsona interesatuek deialdi honen oinarriak kontsulta ditzakete Getxo Kirolaken webgunean.