2017an apurtu zen

Udaletxeko balaustrada zaharberritzeko lanak esleitu ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 23a, 14:48

Getxoko Gobernu-batzordeak 191.708 eurotan (BEZ barne) esleitu ditu udaletxeko balaustrada osoa berreraikitzeko. Beharrok udal-eraikina kontserbatzeko jarduketa-planaren barruan daude, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea izango dute. Plan horren barruan sartzen dira, halaber, eraikineko errementaritza eta forja-elementuak zaharberritzeko obrak; daborduko lizitazio-fasean daude, eta 204.525 euroko aurrekontua dute.

Lau urte igaro dira Getxoko udaletxearen aurreko zabalgunea babesteko baranda metalikoetako bat apurtu eta, goitik behera erorita, hiru ikasle zauritu zirenetik. Ordutik, hesituta egon da balaustrada apurtuta duen gunea, eta hura guztiz berreraikitzeari ekingo dio Udalak orain. Gaur azaldu dutenez, Gobernu-batzordeak 191.708 eurotan (BEZ barne) esleitu ditu hesi osoa berreraikitzeko. Beharrok udal-eraikina kontserbatzeko jarduketa-planaren barruan daude, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea izango dute. Plan horren barruan sartzen dira, halaber, eraikineko errementaritza eta forja-elementuak zaharberritzeko obrak; daborduko lizitazio-fasean daude, eta 204.525 euroko aurrekontua dute.

Udal-iturriek zehaztu dutenez, udaletxeko balaustrada osorik berreraikitzeko lanak 1925ean datatutako jatorrizko proiektuaren diseinuari jarraituz egingo dira, "estilo neoklasikoko eraikinaren eta bere inguruaren estetika eta estilo arkitektonikoa gehien errespetatzen dituen aukera baita". Berreraikitzeko proposamena, jatorrizko proiektuarekiko ahalik eta fidagarriena, ondarearen ikerketan eta aldez aurreko azterketa historikoan oinarritzen da. Azterketa horiek udal Liburutegien eta Artxiboaren funtsakaz eta lankidetzagaz egin dira, balaustradak urteetan zehar jasan ahal izan dituen konponketak eta eraldaketak zehazteko. 

Beste jarduera batzuk

Udaletxea kontserbatzeko planean, gainera, aurten gauzatu beharreko beste jarduketa batzuk ere sartuko dira, hala nola beheko eta lehen solairuetako eremuak berrantolatzea eta pintatzea, komunak berritzea irisgarritasun-araudian oinarrituta, osoko bilkuren aretoko argiteria-instalazio berria, irisgarritasun unibertsala hobetzeko analisia eta eraikinaren energia-auditoretzaren azterketa; baita 2022an aurreikusitako jarduerak ere, hala nola kanpoko guneak eta eraikinaren aurrealdea berritzea. Azkenik, azken asteetan jarri den suteen aurkako sistemaren instalazioa laster amaituko da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun