"Elkartasunezko besarkada" erabilita lapurretak egitea egotzita pertsona bi atxilotu dituzte Getxon

Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 14:35

Udaltzaingoak pertsona bi identifikatu zituen atzo, martitzenean, bide publikoan adineko pertsonei "besarkada solidarioa" izeneko metodoaren bidez lapurtzen saiatzea egotzita. Atxilotutakoek aurrekariak dituzte baita ere jabetzaren aurkako delituengatik.

Udal-iturriek zabaldutakoaren arabera, adineko pertsonei bide publikoan egindako lapurreten kopurua nabarmen handitu da martxoan. Ertzaintzak Udaltzaingoari helarazitako informazioari esker, jakin izan da ebaste-saiakera horietan guztietan elementu komuna izan dela biktimengana jarrera maitekorrean hurbiltzen zen emakume batek parte hartu duela, senide edo lagun komun baten ezagun baten itxurak eginez, haien konfiantza lortzeko. Horrela, laztan edo besarkada moduko gorputz-kontaktu labur baten ondoren, biktimak eraman zezakeen bitxiren bat lapurtzea lortzen zuen, ia beti urrezko dominak edo gama altuko erlojuak. Ebasketa egin ondoren, ibilgailu batean zihoan gizon batek berehala hartzen zuen gaizkilea, eta berehala alde egiten zuten handik.

Udaltzaingoak ikerketa hasi zuen, eta prebentzio- eta detekzio-dispositibo bat ezarri zuen. Dispositibo hori atzo, martitzen, goizean amaitu zen, salatutako profilagaz bat zetorren emakume bat aurkitu baitzuten Algortan. Jarraipen labur baten ondoren, aipatu den bezala jokatzen zuela ikusi zuten, baita haren atzetik ibilgailuagaz zihoan gizona ere.

Azkenean, susmagarri biak geldiarazi zituzten, eta polizia-etxera eraman zituzten, beharrezko ikerketak egiteko. Eginbide horien bidez, egiaztatu ahal izan da Getxoko udalerrian gutxienez lau lapurretatan parte hartu dutela, deskribatutako metodoaren bidez. Horrenbestez, dagozkion eginbideak bideratu dira, Agintaritza Judizialaren esku jartzeko. Nolanahi ere, ikerketak zabalik jarraitzen du, pertsona horiek antzeko gertakarien egileak izan daitezkeen argitzeko.

Atxilotutakoek aurrekariak dituzte baita ere jabetzaren aurkako delituengatik, iturriek zabaldu dutenez.

Udaltzaingoak prebentzio-lanak egiten jarraitzen du horrelako delituak saihesteko; izan ere, jakin badakite pertsona gehiagok erabiltzen dutela modalitate hori lapurretak egiteko. Hori dela eta, poliziek adineko pertsonei gomendatu diete erne egon daitezela horrelako gertakarien aurrean, eta ez diezaietela hurbiltzen utzi pertsona ezezagunei, ezagunak diren itxurak egin eta jarrera maitekorra eta desegokia dutela uste badute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun