Aste-akabuan egindako jarduketen artean, udal-iturriek nabarmendu dute bariku gauean pertsona bat atxilotu izana; patruila batek bera eta beste zazpi pertsona aurkitu zituen Algortako Telletxe plazan, baimendutako gaueko ordutegitik kanpo, 23:15ean. Bertan zeuden pertsona gehienek euren identifikazioa onartu zuten. Atxilotuak, berriz, uko egin zion behin baino gehiagotan; beraz, atxilotu zuten desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteei aurre egitea egotzita.
Zapatuan, hilaren 27an, 19:30ean, Udaltzaingoak bezeroak atera behar izan zituen ostalaritza-lokal batetik, baimendutako edukiera gainditzen zuelako eta titularrak betetzen ez zuelako egungo osasun-araudiak behartzen duen "in vigilando" lana. Halaber, gau horretako goizaldean, 01:00etan, 13 pertsona salatu zituzten, txoko pribatu batean festa bat ospatzen ari zirelako. Dagozkion zehapen-aktak egin ondoren, jaia amaitutzat eman zen.
Berehala Aste Santuko oporrak helduko direla eta, Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea, eta gogorarazi du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete egin behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara) eta burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez), besteak beste.