Guztira 348 zigor-proposamen jarri ditu Getxoko Udaltzaingoak Aste Santuko jaiegun hauetan. Horietako gehienak lau pertsona baino gehiagoko taldeak osatzeagatik izan dira, guztira: 139. Maskara ez erabiltzea eta ordutegia ez errespetatzea izan dira beste arrazoi ugarienak, 76 eta 47, hurrenez hurren. Kalean alkohola kontsumitzeagatik ere 44 salaketa jarri dituzte.
Jarritako salaketen artean aipatzekoa da Ereagako kontrol batean hiru pertsonari egindako salaketa; izan ere, Estatuko erkidegoen perimetroa gainditu zuten Madrilgo pertsona bi eta Gaztela-Mantxako hirugarren lagun bat identifikatu zituzten, lekualdatzea justifikatzen zuen arrazoirik gabe. Udal-iturriek adierazi dute horien aurkako salaketa ere jarri zutela herriko etxebizitza turistiko batean jai batean parte hartzeagatik.
Bestalde, barikutik zapaturako goizaldean, agenteak etxe batera joan behar izan ziren, bertan, festa bat ospatzen ari zirelako; elkarregaz bizi ez ziren 13 pertsona identifikatu zituzten.
Udal-iturriek azpimarratu dute Athletic eta Errealaren arteko Kopako finalean zaintzak areagotu zituztela, eta jardunaldi horretan, guztira, 51 salaketa jarri zituzten, baina ez zen nabarmendu beharreko istilurik egon.