Iturribarrin babes sozialeko 91 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedura abian jarri dute

Erredakzioa 2021ko api. 12a, 16:37

© GETXOKO UDALA

Bihartik, martitzenetik, apirilaren 26ra arte Algortako Iturribarrin babes sozialeko 91 etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahal izango dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur argitaratu denez, 91 etxebizitzetatik hiru logelako lau mugikortasun urri iraunkorra dutenei egokituta daude, eta 98,25 eta 120 metro koadro arteko azalera dute. Gainontzeko 87 etxebizitzetatik, 16 logela bakarrekoak eta 36,73 eta 52,48 metro koadro artekoak dira; 54 etxebizitza bi logelakoak dira, 54,90 eta 69,93 metro koadro artekoak; 16 etxebizitza hiru logelakoak dira, 78,68 eta 89,98 metro koadro artekoak; eta etxebizitza bat lau logelakoa da, 100,38 metro koadroko azalera duena.

Baldintzak

Esleipen prozedura honetan hurrengo baldintzak betetzen dituztenek parte hartu dezakete:

  1. Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan-Etxebiden alokairuko eska­tzaile gisa Getxoko udalerrirako altan daudenek edo Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko udalerri baterako.
  2. Agindu hau argitaratzen den egunean Getxoko udalerrian erroldatuta egon behar da gutxie­nez bizikidetza unitateko titularretako bat eta egiaztatu beharko du gutxienez Getxon azken 3 urteak egin dituela erroldatuta etenik gabe, edo, bestela, azken 10 urteetan, tarteka, 5 urte egon dela erroldatuta.
  3. 2019. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 25.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztuko desgai­tasuna duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek ere.
  4. Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argi­taratzen den eguneko aurreko bi urteetan. Dena dela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldin­tzaren salbuespenak kontuan izango dira.

Kupoak

Esleitu beharreko etxebizitzetatik hurrengo kupoak gordeko dira:

  1. 4 etxebizitza egokituta, mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat.
  2. 87 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira kupo hauek errespetatuta:
    • 35 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 40) bizikidetza-unitatearen titularretako bat gutxienez 36 urtetik beherakoa den kasuetarako.
    • 13 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 15) etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira.
    • 18 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 21) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.
    • 21 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 24) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.

Eskaerak barematzeko irizpideak

  1. Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000€ bitarteko diru-sarrerak dituzten eska­tzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarre­rak dituztenei.
  2. Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, etxebizitzaren logela kopurua hartuko da kontuan.
  3. Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzina­tasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.
  4. Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei.

Bi logelako etxebizitzak gehienez 4 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaie, hiru logelako etxebizitzak gehienez 6 kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaie, eta lau logelakoak zazpi kide edo gehiago duten bizikidetza unitateei.

Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroni­koaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Etxebidearen eskaerak aurkezteko tokia

Etxebidearen eskaera orria hurrengo tokietan aurkeztu ahal izango da:

  • Aurrez aurre: Zuzenean-en (aurrez hitzordua hartuta), Kale Nagusia 85, beheko solairua, 48011-Bilbao.
  • Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011-Bilbao.
  • Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus
  • Algortako (Torrene) eta Areetako (Mesede 13) Herritarrak Artatzeko Bulegoetan, aurretik hitzordua eskatuta 94 662 00 99 telefono zenbakian.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun