Aurtengo Jazzaldian indarrean dagoen osasun-araudia zorrotz betez gauzatuko dela azpimarratu dute antolatzaileek, edukiera mugatuko esparruetan. Ordainezko proposamenari dagokionez, kontzertu nagusiak Muxikebarri Antzokian izango dira 19:00etan. Aldez aurretik, goizeko ordutegian (13:00), Talde Lehiaketaren saioak egingo dira. Horietan aurreko ediziorako hautatutako taldeak bilduko dira, iaz parte hartu ezin izan zutenak ekitaldia bertan behera geratu zelako.
Jaialdiak, halaber, doako eskaintza berreskuratuko du Hirugarren Milurtekoa atalaren eskutik. Sail horrek talde gazteak, baina, aldi berean, jazz panoraman ibilbidea dutenak ditu ardatz. Horien kontzertuak Algortako Biotz Alai plazan egingo dira, egoerak horrela ahalbidetzen badu, 17:00etan. Horrez gainera, uztailaren 3an eta 4an, 13:00etan, familientzako goizeko emanaldiak egingo dira leku berean.
Saio nagusiei dagokionez, daborduko izen bi baieztatuta daude. Horrela, uztailaren 3an, Getxon, Huelvako Martirio abeslariak eta Chano Domínguez piano jotzaile cadiztarrak osatutako bikoteak bere azken proiektua ekarriko du Getxora, Ignacio Villa "bola de nieve" kubatar konpositore, pianista eta abeslariari omenaldia egiten diona. Azken hori hispaniar hizkuntzako herrialdeetako ikonoa da, eta umorez apaindutako letra erromantikoak zituen ezaugarri.
Jaialdiaren azken egunean, Muxikebarrik espainiar Estatuko jazz munduko eskarmentu handiko hiru artista bilduko ditu Muxikebarrin, Niño Josele gitarra-jotzaileak lagunduta, bere azken proiektua publikoari gerturatzeko. Carles Benavent, Tino Di Geraldo eta Jorge Pardo jazz flamenkoaren izen handiak dira, eta, besteak beste, Paco de Lucía, Camarón de la Isla eta Chick Corea musikariakaz kolaboratu dute.
Sarrerak
Jazzaldirako sarrerak apirilaren 19an jarriko dira salgai Muxikebarrin, Romo Kultur Etxean eta Kutxabank sarean. Oraingo honetan, emanaldien ordutegia berregituratu denez, bi bonu izango dira: bat Talde Lehiaketaren emanaldietarako (20 euro) eta bestea kontzertu nagusietarako (60 euro). Biotz Alai plazako saioei dagokienez, Kultur Etxeak laster jakinaraziko du noiz hasita eta non jaso ahal izango diren gonbidapenak.