Ekimen hori apirilaren 17an, zapatuan, abiatuko da Merce Zuluetaren eskumenez, naturan eginiko arte tailerragaz. 7 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta 12:00etatik 13:30era izango da Arrigunaga hondartza inguruan. Tailer horren bitartez haurren eta naturaren arteko interakzioa bilatu gura du artistak.
Hurrengo astean, apirilaren 24an, Mertxe Perizek "Paisaia izan" haurrentzako tailerra zuzenduko du, 12:00etatik 13:30era, Romo Kultur Etxean. Paper gainean tamaina handiko pintura bat sortzeko prozesua egingo da, txantiloi gisa elementu naturalak erabiliz: harriak, adarrak, hostoak...
Bestalde, maiatzaren 8an, Marta Iraurgik "Argazki ibilbideak" irteera gidatuko du, 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Ekitaldia Algortan izango da, 11:00etatik 13:30era (Arrigunaga hondartzako sarreran izango da topagunea). Horren helburua da argazkilari gazteei bertako paisaiara hurbiltzeko eta xehetasun berriak ezagutzeko aukera ematea.
Azkenik, zikloa maiatzaren 15ean amaituko da "Pintura-paisaia-argazkia" tailerragaz, Mikel Erkiagaren eskutik. Romo Kultur Etxean egingo da 12:00etatik 13:30era, eta 13 eta 18 urte bitarteko gazteei ere zuzenduta dago. Margolariak argazki-begiradaren bidez pinturan murgiltzea proposatzen du, Marta Iraurgigaz egindako irteeran jasotako argazkiak eta parte-hartzaileen argazkiak oinarri hartuta, Getxoko ingurune naturala pinturan islatzeko.