Edozelako balizko etorkizun batek proposa dezakeen erantzunak probokatzeko lanak bildu gura ditu Garrobi Getxoko arte-kultura elkarteak, "hala nola posibleak, probableak, ezinezkoak, fantasiazkoak, alternatiboak, distopikoak, utopikoak, ametsak, intuizioak...". Horretarako, lanak batzeko deialdi irekia egin du taldeak, maiatzaren 9ra arte. Arduradunek azaldu dutenez, edozein diziplina eta jatorritako artistei zuzenduta dago deialdia, baina, proposamenok, etorkizuneko planteamendu bati erantzun beharko diote.
Lanak edozein formatutakoak izan daitezke, eta, hautatutakoak, Geroa(k) fanzinean argitaratuko dira, edo, zuzenean, aurkeztuko dira ekainaren 12an edo 13an Romo Kultur Etxean egingo duten Geroa(k)-Garranbladan. "Hainbat piezarekin osatutako diziplina anitzeko ikuskizuna izango da", iragarri dute.
Proposamenak aurkezteko, Garrobiren webgunean argitaratutako Getxoko irudietako bategaz lotu beharko dira. Irudiok osatzen dute "erantzunak" bilatu gura dizkieten probokazioen-multzoa.