CNTk sindikatuak eskatu du lizitazio berria udal-egoitzatik kentzeko, "maiatzaren 31n terapia okupazionala kentzea dakarrelako, gure adinekoen arreta zuzenean murriztuz eta langileak kaleratuz". Azaldu dutenez, terapeutek egoitzan bizi diren 82 egoiliarren funtzionaltasuna eta gaitasun kognitiboak lantzen dituzte, eta, horrez gain, estimulazio-programak diseinatu eta gauzatzen dituzte autonomia-mailari eusteko, adinekoen sozializazioa bultzatzeko eta funtzio psikikoak bultzatzeko, taldeko eta banakako jardueren bidez.
Hamar urte baino gehiago daramatza zerbitzu hori martxan Getxoko zentro horretan, eta "pertsona ardatz duen arreta-ereduak" pieza garrantzitsutzat jotzen du egoiliarren arretaren kalitaterako. "Bizi garen egoerak zerbait erakutsi badigu, mendekotasuna duten adinekoek zainketa zuzenak, hurbilekoak eta integralak behar dituztela da, ez bakarrik asistentzia arloan", azpimarratu du sindikatuak.
Langileek azaldu dutenez, orain, egunean bi orduz bakarrik egiten dute lan terapeuta bik, "modu prekarioan, eta, hori gutxi iruditzen bazitzaigun guztiengana iristeko eta kalitatezko arreta emateko, zerbitzua kentzea onartezina iruditzen zaigu", deitoratu du CNTk.
Aitortu dutenez, pandemiak egoera gogorrak utzi ditu leku guztietan, "baina eragin handiagoa izan du egoitzetan". Hori dela eta, uste dute ez dela garaia ezer kentzeko, gaur, inoiz baino gehiago, zerbitzu guztiak beharrezkoak direlakoan. "Horregatik guztiagatik, beharrezkoak diren ekintza sindikal guztiak egingo ditugu Getxoko Udalak, egoitzako zuzendaritzak edo dagokionak egoera hori berrazter dezaten", iragarri du erakunde anarkosindikalistak.
Oposizioa, murrizketen kontra
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek bat egin dute gaur terapia okupazionaleko langileen aldarrikapenagaz. Koalizio moreak, gainera, jakinarazi du zerbitzu horri eusteko proposamena egingo duela apirileko osoko bilkuran, eta, modu horretan, Eusko Jaurlaritzaren dekretua (egoitza-zentro guztietan terapia okupazionala egotea eskatzen duena) eta udal-egoitzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean indarrean dagoen hitzarmena (4 hilabeteko antzinatasuna baino ez duena) errespetatzea. Horren harira, taldeko bozeramale Paula Amievak adierazi duenez, "araudia eta hitzarmena ez betetzeaz gain, egoitzaren erabiltzaileen beharrizanen inguruko zabarkeria larriaren aurrean gaude".