Euskal Herriarekiko atxikimendua sustatzeko kanpaina abiatu dute Algortan

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 23a, 12:00

Euskal Herriaren aldekotasuna aktibatu eta nortasun horregaz bat egiteko "Algor7arrak Bat" kanpaina abiatu dute Algortan. Joan den apirilaren 4an ospatutako Aberri Egunean egin zuten publiko egitasmoa, eta, orain, berau garatuko dute datozen asteetan, ekainaren amaierara arte, arduradunek azaldu dutenez.

Algortako elkarte eta mugimendu sozialetako hainbat kidek bultzatuta, Euskal Herriarekiko atxikimendua bultzatzeko kanpaina abiatu dute Getxoko auzo horretan. Deitoratu dutenez, azken urteetan, Euskal Herriarekiko dagoen lotura eta pertenentzia ahulduz joan da: "Datu zehatzik ez dugun arren, sentsazio eta pertzepzioetan oinarritutako ikuspegia da hori, elementu zehatzetan islatzen da hori". Horien artean, hurrengoak zerrendatu dituzte:

  • "Euskararen ezagutza, ulermenean zein erabileran. Azken hamarkadetako proportziorik altuenean egon arren, erabilerak ez du gora egiten, eta geldialdi egoera batean kokatuta dago. Oso kezkagarria da belaunaldi berrietan euskararekiko dagoen apatia.
  • Euskal kulturaren oinarriak izan diren sektore eta eremuekiko utzikeria eta urruntasuna. Euskal dantza-taldeak, bertsolari elkarteak, kultur elkarteak... Egunero lan izugarria egin arren, gizartearentzako periferikoak dira.
  • Euskal Herriaren sinbologiarekiko desatxikimendua edota urruntasuna. Ikurrina, adibidez, zeozer folkloriko/zahar bezala ikusita dago, eta gero eta gutxiago erabili eta aldarrikatzen da.
  • Euskal kirolaren lehen lerroko aldarrikapena. Kirola gure herriaren zutabe garrantzitsua izan da, eta bada gaur egun ere. Herri identitate eta nortasunari oso lotuta egon da beti. Hamarkadetan zehar, adibidez, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena eta mobilizazioa indartsua izan da. Gaur egun, ordea, lausotze eta desaktibatze sentsazioa nabaria da.
  • Marko mentala espainiarra da gero eta gehiago, eta belaunaldi berrietan modu nabariagoan ematen da. Gero eta gehiago entzuten dugu 'hemen, Espainian' bezalako koletillak, egoeraren oso adierazgarriak direnak".

Irakurketa hori kontutan hartuta, kanpainaren helburua da egoera iraultzea, "kontzientziazioa eta herria aktibatuta". Horretarako, udalerrian arlo horietan lanean diharduten elkarteen lana hauspotu gura du egitasmoak, hala nola euskara eta kultur elkarteena, baita kirol taldeena ere. "Kide horiengana heldu nahi dugu kanpaina honen bitartez, gure mezua helarazi eta bat egiteko gonbidapena eginez", azaldu dute.

Ekainera arteko egitasmoak

Joan den apirilaren 4an egindako Aberri Egunean eman zuten kanpainaren berri Algortan, eta, orain, egitasmoari helduko diote hainbat ekimen eginez, ekainaren amaierara arte garatuko dituztenak. Ekintzei dagokienez, baina, gaur egungo osasun-egoera kontutan hartuko dutela ohartarazi dute, "jende-pilaketak ekiditeko". Une honetan kanpainaren berri emateko fasean murgilduta daudela jakinarazi dute deitzaileek; hala ere, datozen egunetan ekimenen berri emango dutela iragarri dute: "Adi sareetara!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun