Euskaltzaleen Topaguneko Laburbirako antolatzaile Johana Olabarriaren esanetan, “iazko pandemiaren ondorioz ikus-entzunezkoen grabaketa eta ekoizpen asko bertan behera gelditu behar izan ziren. Hala ere, badira kostata aurrera atera ziren lanak, eta horiei oihartzuna emateko erantzukizuna dugu Laburbiran”.
Euskaltzaleen Topaguneagaz batera, hainbat herrietako elkarte eta udal-sailek dena dute prest Laburbira berain herrietan hartzeko. Guztira, 29 udalerri gurutzatuko ditu egitasmoak, tartean, Getxo. Egizu euskara-taldeak gonbidatuta, maiatzaren 10ean proiektatuko dira proposatutako 8 film laburrak, Romo Kultur Etxean.
Genero ezberdinetako lanak
Laburbiraren 18. edizioa 2019-2020an grabatu eta ekoiztutako euskarazko 8 film laburrek osotzen dute. Emanaldiak irauten duen 72 minututan ikusleak gorrotoa, barrea, beldurra, jakin-mina eta nazka bizitzeko aukera izango du.
Jasotako film labur guztien artean 8 aukeratu dira euren istorio eta kalitate nabarmenagatik eta jaialdietan izandako harreragatik. Horietariko batzuk Zinebi (Nigandik) eta Mendifilm Festival (Aterpean Ateri) jaialdietan aurkeztutako lanak izan dira, eta beste batzuk lehiaketetan sarituak izan direnak: HUHEZINEMA (Babarrun Txapelketa) eta Kameratoia (Agur).
Honako film labur hauek osotzen dute urte honetako Laburbira:
- Aterpean Ateri (Ruben Crespo)
- Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga)
- Game Over (Ilune Diaz)
- Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua))
- Babarrun Txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Serna)
- Datsegit (Aitor Arruti)
- Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet)
- Agur (Iñigo Acha)
Zuzendariakaz solasaldian
Edizio guztietan bezala, Laburbirak zuzendari hasiberri eta amateurren lanak plazaratzeko aukera ematen die, beharrezkoa duten bultzada emateko asmoz. Horregatik, lanak plazaratzeaz gain, 8 zuzendariek ikusleen aurrean euren burua aurkezteko eta grabaketa prozesua azaltzeko aukera izango dute.