Popularrek azaldu dutenez, euren proposamena da irudimena, trebetasuna eta motrizitatea sustatzen dituzten hainbat ur-joko instalatzea, "betiere erabiltzen den ur guztia berreskuratzeko sistemarekin". PPkoek diotenez, instalazio horregaz, "azpiegitura handien beharrik gabe", familientzako aisialdirako beste gune bat sortuko litzateke, eta, horrela, "Fadurako instalazio saturatuak arintzen lagundu ahal izango dugu", adierazi du Andradek.
Alderdi popularrarentzat, ur-parke hori kokatzeko lekurik aproposena litzateke Andra Mari kiroldegiaren ondoko gunea; leku horretan gainera, etorkizunean, igerileku bat egon beharko litzatekeela gaineratu dute PPkoek. "Andra Mari kiroldegiaren ondoko gune hori oso kokaleku egokia izango litzatekeela uste dugu, baina ez dugu baztertu nahi Portu Zaharreko zabalgunea bezalako beste kokapen batzuk", esan du Andradek.