Tokiko sorkuntza izango da aurtengo Getxoarteren protagonista

Erredakzioa 2021ko api. 26a, 13:09

Aurtengo programazioari ekingo dio Getxoartek, tokiko sorkuntzari begira oraingoan. Pandemiaren ondorioek markatutako urte baten ondoren, tokiko sektore artistikoa izango da proposamenaren lehentasuna, eta hiru ardatzetan egituratuko da: Bitartekaritza eta Egoitza Programa, urte osoan zehar garatuko dena eta Getxoko artisten, kolektiboen eta hezkuntza-zentroen arteko interakzioa bilatuko duena; "Kalekoak", uztailaren 5etik 18ra bitartean adin guztietako publikoentzako jarduerak biltzen dituen jaialdia; eta, azkenik, Romo Kultur Etxean urte osoan eginiko lana erakutsiko duten jardunaldiak.

Bitartekaritza eta Egoitza Programak, Ibon Garagarza eta Miren Begoñe Bilbao komisarioen gidaritzapean, honako helburu hau du: tokiko eragileakaz proiektuak garatzea, arreta berezia jarriz arte-hezkuntzan eta artista getxotarren lanaren hedapenean, baina inguruko mugimendu eta ekintzei bizkarra eman gabe. Ekimena duela gutxi abiatu da Getxoarte 2021 Egoitza Bekaren deialdiaren eskutik, zeinaren helburua da estatuko artista baten eskutik diziplina anitzeko sorkuntza eta/edo ikerketa proiektu irekia bultzatzea. Eskabideak jasotzeko epea apirilaren 30ean amaituko da, eta emaitza abenduan Romo Kultur Etxean egingo diren jardunaldietan aurkeztuko da.

Aldi berean, programak "Artista bat auzoan/Mi vecin@ es artista" proiektuari berrekin dio. Horren bitartez diziplina anitzeko (pintura, ilustrazioa, argazkigintza, antzerkia, eskultura) artista getxotarren bizipenak hurbildu eta haien lana ikusaraziko ditu. Bigarren ekitaldi honetan Esti Amo, Eriz Moreno, Igor Sarralde, Albar Cirarda, Olatz Otalora, Marta Iraurgi, Raquel Asensi eta Juan de la Rica artistek hartuko dute parte. Lehenengo fasean, maiatzetik ekainera, Kultur Etxeko sare sozialetan zabalduko diren bideoen bidez, sormen-prozesuak azalduko dituzte, eta egungo egoerak nola eragin dien azalduko dute. Bigarren fasean, urritik abendura, tailerrak, topaketak edo artisten estudioetara bisitak antolatuko dira.

Azkenik, programaren barruan ere, joan den barikuan Esteban Ramos Erdozia argazkilariaren Hezetasuna proiektua aurkeztu zen Getxoartegaz elkarlanean dagoen Bi Hormetan erakustokian. Horretan, uztailaren 18ra arte, artistak Getxotik daborduko desagertu den paisaia erakutsiko du. Gainera, hezkuntzaren atalean, sorkuntza garaikidea haur eta gazteei hurbiltzeko asmoz, proiektu artistikoak bultzatuko dira, tokiko bi sortzailek koordinatuta hezkuntza-zentroetan. Oraingoan, Raquel Asensi artistak Algortako Zubileta Eskolako lehen hezkuntzako ikasleakaz lan egingo du ingelesez, eta Olatz Otalorak, berriz, Artaza-Romo institutuko Batxilergo Artistikokoakaz.

Kaleko ekitaldiak

Bestalde, uztailaren 5etik 18ra, Getxoarteren bigarren ardatzari dagokion ekimena izango da, kaleko ekitaldien programa, hain zuzen ere, bitartekaritza-programagaz lotzen dena. Horretan, familiarteko eta publiko orokorrarekiko interakzioa bilatuko da hurbileko hainbat diziplinatako tailerren bidez (pintura, eskultura, argazkia), argazki-rallyak, aire zabaleko pintura-lehiaketak eta tokiko arte publikoa ezagutzeko ibilbideak. Horrez gain, Regoyos abiapuntu-Desde Regoyos proposamena aurkeztuko da. Bertan, arkitektura, ikerketa eta historialarien artista eta profesionalak gonbidatuko dira sorkuntza-prozesuetatik bizi garen lekuari eta uneari buruz hausnartzera.

Azkenik, abenduaren 17tik 19ra bitartean, jardunaldiak egingo dira Romo Kultur Etxean. Horietan, urte osoan zehar egin diren Bitartekaritza eta Egoitza Programaren baitako ekimenen emaitzak izango dira ikusgai, beste ekitaldi batzuekaz batera: tailerrak, erakusketa…

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun