Neguriko tren-geltokiko eraikin zaharra berreskuratzeko orduan, haren tipologia-, forma- eta egitura-elementuak errespetatuko direla nabarmendu dute arduradunek. Hala, besteak beste, estalkiaren posizia ez da aldatuko, eta jatorrizko estaldura berrezarriko dute.
Eraikina estilo neo-euskaldunekoa da, joan den mendearen hasieran eraikitakoa, Ferrocarriles Vascos konpainiaren San Nikolas-Plentzia linea inauguratu zenean. Gaur egun, ordea, ez du trenbide garraioagaz erlazionatutako inolako funtziorik betetzen; izan ere, Bilboko metroaren 1. linea inauguratu zenetik, haren funtzioak geltoki berrian integratutako beste higiezin batean gauzatu dira. Duela gutxira arte, baina, eraikinaren beheko solairuan estanko eta aldizkariak eta egunkariak saltzeko denda bat egon zen.
Proiektuaren nondik norakoak
Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera, proiektuak jatorrizko eraikinaren parte ez ziren eremu bi eraistea jasotzen du, eta baita zurezko egitura eta arotzeria osoa kentzea ere, intsektuen eta onddo-izaera duten elementuen eragin handia jasan duelako.
Estalkiaren euskarri-egitura berri bat aurreikusi da da, berau osorik ordeztuz, eta, dekorazio-elementuei dagokienez, jatorrizkoarekiko guztiz leiala izanda. Egitura autoklabez tratatutako egurrez egingo da, eta hura babesteko hainbat tratamendu izango ditu, baina itxura aldatu barik.
Estalkiaren “tapa” egiteko, lehendik dagoenaren antzeko zeramikazko teila laua erabiliko da, ahokadura geometrikokoa, eta teila horiek kakoen eta finkapen mekanikoen bidez finkatuko dira.
Fatxadei dagokienez, guztiak pikatuko dira, ondoren zarpiatu hidrofugoa eta pintura bidezko tratamendua egiteko. Fatxadak osatzen dituzten bistako zeramikazko elementuak saneatu eta junturak berdindu egingo dira, eta azken tratamendu hidrofugo eta gardena emango zaie.
Higiezinaren kanpoko sarbideak eskailera finkoen tramada baten bidez egingo dira, inguruko urbanizaziotik bertatik, eta baita bi metro inguruko zabalera eta % 5eko gehieneko malda duen arrapala baten bidez ere, hiri-inguruneko irisgarritasunari buruzko Eusko Jaurlaritzaren arautegia, 20/1997 Legea, betez.