Getxoko EH Bilduk deitoratu du osasun-krisiak agerian utzi duela oinez edo bizikletaz mugitzeko eremuen falta udalerrian. Horren aurrean, gogoratu du taldeak hainbat ekarpen egin dituela azken hilabeteotan bertoko bidegorri-sarea handitzeko, hala nola Errotatxuko zatia osatzea Berangogaz lotura egiteko; Algortako Sarrikobaso kalean bidegorria egokitzea goiko eta beheko bidegorriak lotzeko; Telletxe kaleko bidegorria konpontzea; eta Maidagan kalean bidegorria sortzea.
Areetako Kale Nagusiari dagokionez, Udalak asmoa iragarri du bertan plataforma bakarra sortzeko eta bizikleta eta autoentzako errepide partekatua ezartzeko, Algortako etorbideko ereduari jarraituz. EH Bilduk erabaki hori gaitzetsi du, mugikortasunaren ikuspegitik zuzena ez delakoan, hainbat arrazoiengatik: alde batetik, koalizioak azaldu du beharrezkoa dela autoak eta bizikletak bereiztea norabide bakarreko errepideetan, "bestela autoek markatuko dutelako zein den bizikleten norabidea. Hau da, gaur egungo norabidea mantenduko balitz, bizikleta batek ezingo luke Xake Plazatik Bizkaiko Zubira joan errepide horretatik"; bestalde, segurtasuna aipatu dute, errepidearen zabalerak horretarako aukera ematen duenean komeni delako bizikleten eta autoen joan-etorria bereiztea, "seguruagoa baita herritar guztientzat".
Kontuak horrela, Areetako kale horrek baldintza biak betetzen dituela azpimarratu du EH Bilduk: "Errepideak nahikoa zabalera izan dezake bizikleten eta autoen joan-etorria bereizteko eta pertsona guztien segurtasuna bermatzeko. Kale Nagusian bidegorria egingo balitz, posible litzateke, adibidez, Gobela kiroldegitik Bizkaiko Zubira igaro, edota Getxoko ´eraztun´ osoa bete eta Makaleta Etorbidetik Algortako Portu Zaharrera igaro Bizkaiko Zubitik pasatuz, dena bidegorri saretik irten gabe.
Udalak plataforma bakarraren proiektua mantenduko balu, ostera, ibilbide hori bakarrik kontrako norabidean egin ahalko litzateke, hau da, Bizkaiko Zubitik Xake Plazaraino, baina ez kontrako noranzkoan. Koalizioak gogoratu duenez, horixe bera gertatzen da gaur egun Algortako Etorbidean: San Nikolas plazatik Telletxe kalera joateko, ezinbestekoa da kotxeen noranzkoa jarraitzea, edo bestela espaloitik bizikletagaz joatea. "Ez dezagun akats berbera errepikatu Areetan", aldarrikatu du taldeak.