Hiri Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotzi Joseba Arregik azaldu duenez, plan horrek beharrezko informazioa eta tresnak emango dizkio Udalari, "udalerria klima-aldaketarekiko erresilienteagoa eta jasangarriagoa izan dadin, hau da, klima-aldaketaren ondoriozko fenomenoen aurrean oreka berreskuratzeko gaitasun handiagoa izan dezan". Horretarako, urrakortasunaren eta arrisku klimatikoaren diagnostikoa egingo dela azpimarratu du, bai eta Ekintza-Plan bat ere, "gure udalerrian ezarri beharreko epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasoko dituena, inplikatutako eragile nagusien parte-hartzearekin”.
Aztertuko diren mehatxu klimatikoak euriteek eta kostaldeko fenomenoek eragindako uholdeak, bero-boladak eta lehorteak izango dira. Eta arrisku klimatikoaren estimazioaren kalkulua haiekiko dagoen esposizioaren, testuinguruaren sentikortasunaren eta egokitzeko gaitasunaren arabera egingo da.
Horren ondoren, lehentasunezko ekintza-neurriakaz egokitzeko estrategia egingo da, balorazio ekonomikoagaz, jarraipen-adierazleakaz eta planean dauden beste batzuekaz koordinatzeko mekanismoakaz batera.
Parte hartzeko prozesuak, bai barnekoak (udaleko teknikarien eta politikarien artekoa), bai kanpokoak (funtsezko eragileekin: udalerriko gizarte-sarea, elkarte sektorialak, ezagutzaren kudeatzaileak, etab.), hiru tailer bilduko ditu.
Planaren azken dokumentutik gehienez bost orriko laburpen bat aterako da, hizkera ez-konplexuan, ulergarria izan dadin, eta herritarrei komunikazio-jarduerak egiteko materiala ere jasoko da.
Arduradunek azaldu dutenez, Egokitzeko Plana bat etorriko da Europako Itun Berdeagaz eta KLIMA 2050 Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategiagaz.