Euskaraz artatzeko eskubidea urratu zaiola deitoratu du getxoztar batek

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 30a, 10:23

Getxoko udaltzain bik euskaraz artatzeko eskubidea "nahita" urratu diotela salatu du getxoztar batek.

Euskaraz artatzea eskatutakoan, Getxoko udaltzain bik eta epaitegietako sarrerako zinpekoak bere hizkuntza eskubidea urratu diotela deitoratu du Gabi Basañez getxoztarrak. Horrez gainera, egoeraren salaketa jarri gura izan duenean, gaztelaniazko inprimakiak jaso duela kexatu da.

Herritarrakaz duen harremanean euskara bermatu eta haien hizkuntza eskubideak defendatzeko xedez, sektore publikoan diharduten langileentzako hizkuntza irizpideak onartu berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Administrazioaren eremu guztietan hizkuntza ofizial bien –euskara eta gaztelania– erabilera finkatzeko neurriak biltzen ditu dokumentu horrek. Izan ere, maila lokalean zein nazionalean, nonahi eta noiznahi gertatzen dira hizkuntza eskubideen urratzeak, urtez urte Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argitaratzen duen txostenak agerian uzten duenez; gisa horretako ehunka kasu bildu ohi dira horietan.

Bada, HIRUKAko erabiltzaile batek, Gabi Basañez Ruiz getxoztarrak, urraketa berri baten salaketaren jakinarazpena egin du, bere udalerrian bertan. Dioenez, joan den astelehenean, apirilaren 26an, Getxoko udaltzain bik eta epaitegiko sarrerako zinpekoak trabak jarri zizkioten euskaraz aritzeko. Gainera, epaitegian horren berri emateko salaketa-inprimakia eskatzerakoan, euskarazkoa jaso ez eta gaztelaniazkoan bete behar izan zuen kexa: "Euskaraz ez ote zegoen galdetu nion langileari, eta ondo arakatu ostean, ezetz esan zidan".

Egoeraren nondik norakoak zehatz-mehatz azaldu ditu Basañezek. Zehaztu duenez, lehenengo urraketa, udaltzainena, arrastiko 17:00ak aldera jazo zen. Azaldu duenez, Algortako Etorbidean aparkatuta zuen kotxea, autobusen geltokian, lagun bati opari bat emateko. "Bi minutu inguru neraman bertan, eta, bat-batean, udaltzain bi agertu ziren, ´dame el carnet´esanez, erdi-oihuka eta modu txarrean", esplikatu du getxoztarrak.

Identifikatzeko txartela eman eta, segituan, eztabaida hasi zen udaltzain baten eta herritarraren artean, bata gaztelaniaz, bestea euskaraz. Basañezek aitortu duenez, biak berotu ziren, eta, une batean, "berotuta nengoela, eta desegoki guztiz, pikutara bidali nuen". Segituan, udaltzain euskaldun bategaz berba egiteko eskaera egin zion herritarrak solaskideari: "Beste agenteari ia euskaraz zekien galdetu nion. Baietz esan zidan, eta berarekin hizketaldia jarraitu nahi nuela esan nion". Hala ere, kasurik egin ez, eta isuna jarri ziotela deitoratu du. "Multa erdaraz idatzita zegoen, eta hala jasoko ez nuela adierazi nion. Sinadura ukatu nion". Kontuak horrela, handik ordu eta erdira, epaitegira hurbildu zen "jasotako irainengatik" salaketa jartzera.

Salaketa euskaraz jartzeko aukerarik ez

Epaitegian bertan, sarrerako zinpekoak, uneoro, gazteleraz zuzendu zitzaiola deitoratu du ere Basañezek. "Horrek 'qué quiere?' galdetu zidan, eta salaketa jartzera nindoala esan ondoren, berriro galdetu zidan 'que qué quiere?', eta nik berriro euskaraz". Hirugarrenean, aldiz, gaztelaniaz esatera behartuta ikusi zuen herritarrak bere burua, eta orduantxe azaldu zion sarrerako langileak non jarri behar zuen salaketa.

Salaketa jartzerakoan ere arazoak izan zituen getxoztarrak. Izan ere, deitoratu duenez, bertako langileak euskaraz artatu zuen arren, salaketa jartzeko inprimakia erdaraz soilik zuten bertan, eta hura bete behar izan zuen, "euskaraz gaztelaniazko inprimakian, derrigortuta".

Azkenik, Udaltzaingoaren bulegoetara hurbildu zen Basañez, bertan ere salaketa jartzera. Hasierako harrera euskaraz egin zioten bertan, txirrinatik, baina barruan zegoela, hurbildu zitzaion udaltzainak gaztelaniaz berba egitera behartu zuela kexatu da herritarra: "Gaztelaniaz, derrigortuta, azaldu nion salaketa jartzera nindoala, baina euskaraz egin nahi nuela, udaltzain euskaldun batekin". Horretarako aukera egon ohi da bertan, baina, une horretan ezinezkoa zela adierazi ei zion udaltzainak, atestatuetan euskaldunik ez zegoelakoan momentu horretan. "Salaketa jarri barik lotu nintzen, euskaraz egin ahal izango dudanean egiteko", adierazi du salatzaileak.

Basañezek dioenez, dudarik ez du bere hizkuntza eskubideak urratu zaizkiola, baita funtzionario publikoek euskaraz artatzeko eta dokumentazio publikoa (isuna eta salaketarako inprimakia) euskaraz jasotzeko eskubideak ere. Horrez gainera, gogor salatu du egoera eragin duten udaltzain biek euskaraz artatzeko eskubidea "nahita" urratu diotela. "Suminduta eta neure euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzeko eskutoki gutxiekin topatu dut neure burua", deitoratu du Basañezek, "gehiago eta gehiagotan?".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun