Gazteria Zerbitzuak antolatutako herriko udalekuetan izena emateko epea zabalduko dute barikuan

Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 09:40
Artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Maiatzaren 7tik 21era bitartean zabalik egongo da aurretik izena emateko epea Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako hiri-udalekuetan parte hartzeko. Bizi dugun salbuespen-egoera gorabehera, arlo hori lanean ari da jarduera hori uztailean egin ahal izateko, dena une bakoitzeko COVID-19 araudiaren arabera, arduradunek azaldu dutenez.

Aurreko urteetan bezala, udalekuak aste biko txandetan banatuta eskainiko dira: uztailaren 1etik 14ra arte eta uztailaren 15etik 28ra. Txanda bakoitzeko lau egunetan, martitzen eta eguenetan, txangoak egingo dira herritik kanpora. Txangoak dauden egunetan ordutegia 09:00etatik 17:30era izango da, eta gainerakoetan goizeko ordutegian, 09:00etatik 14:00etara. Behar bereziak dituzten umeek beharrezko laguntzak izango dituzte.

Izen-emateak online egin ahal izango dira www.getxo.eus/gazteria helbidean. Halaber, Gazte Informazio Bulegoan ere izena emateko orriak eskuragarri izango dira.

Algortako eta Areeta/Romoko herritarren arretarako bulegoetan, hitzordua eskatuta, hartuko dira betetako izen-emate orriak, baita Gazte Informazio Bulegoan bertan ere.

Eskaera kopuruak plaza kopurua gaindituko balu, zozketa egingo da, eta haren emaitza ekainaren 1etik eta 4ra arteko epean ezagutaraziko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun