Elcanoren, Magallanesen eta euren tripulazioaren abenturak grabatzen ari dira Azkorri inguruan

Erredakzioa 2021ko mai. 6a, 08:07

Atzoko grabaketa-egunaren irudietako bat. © GETXOKO UDALA

Atzo, eguaztenean, hasi ziren grabatzen Sin límites abentura-saila Getxoko Azkorri inguruko Gorrondatxe hondartzan. Gaur, eguenean, zeregin horretan arituko dira ere, Juan Sebastian Elcano gipuzkoarraren, Fernando de Magallanes portugaldarraren eta euren tripulazioaren epopeian oinarritutako irudiak hartzen. Aipatutako saila espainiar Estatuan (Sevilla eta Madril) eta Dominikar Errepublikan filmatuko dute. Era berean, Gorrondatxe hondartza; Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa); eta Nafarroako Olite eta Iruñeko katedrala izango dira euskal agertokiak.

Mono Films eta Kilima Media ekoiztetxeak zuzenduta, Juan Sebastian Elcano gipuzkoarraren, Fernando de Magallanes portugaldarraren eta euren tripulazioaren epopeian oinarritutako Sin límites abentura-saila grabatzen ibili ziren atzo, eguaztenean, Getxoko Gorrondatxe hondartzan. 18 milioi euroko aurrekontua du telesailak, 4 kapitulu izango ditu, bakoitza 60 minutukoa, eta gaztelaniaz eta portugesez egingo da, nahiz eta elkarrizketen zati batean euskara ere egongo den.

Azkorri aukeratu dute eszena esanguratsu bat egiteko. Arduradunek diotenez, ingurune naturala errespetatuz eta lan-protokolo jasangarriak erabiliz, Argentinako Patagoniako San Julian Badia simulatu da (han gertatutakoagatik, Argentinako Errepublikak "Toki Historiko Nazional" gisa deklaratua), Elkano eta Magallanesen espedizioa lehorreratu zen benetako kokaleku gisa. Han izan zen Argentinako lehen meza kristaua, eta matxinadak, exekuzioak, erbesteratzeak eta patagoiarrakaz (bertako indigenakaz) izandako liskarrak gertatu ziren.

Amaia Agirre alkatea pozik agertu da ikus-entzunezko ekoizpen garrantzitsu bat grabatzeko agertoki gisa Getxoko ingurune naturala eta udalerria aukeratu dituztelako: “Sormen- eta kultura-industriei laguntzea da Getxoko Udalaren Ekonomia Sustatzeko ildo estrategikoetako bat. Turismo Bulegoak Bilbao Bizkaia Film Commission-ekin lan egiten du 2016tik, gure udalerriak zinema-agertokien zirkuituan duen presentzia sustatzeko. Elkarlan horri esker, azken urteotan La higuera de los bastardos (Ana Murugarrenena) eta 70 Binladens (Koldo Serra zuzendari getxotarrarena) filmatu dira gure herrian. Telesailak, dokumentalak, publizitatea eta telebistarako saioak ere egin dira, Estatuko zein nazioarteko ekoizpenekoak. Kultura sustatzea eta hedatzea funtsezko elementua da gizarte aurreratu batean, eta Getxotik sektore horri laguntzeko lanean jarraituko dugu".

Sin límites, sinopsia.

 1519an, aurkikuntzen garaian, 5 ontzi eta 239 marinelen espedizio batek, Gaztelako Koroaren zerbitzura eta Fernando Magallanes portugaldarra buru zutela, mendebalderantz jo zuen, ezezagunerantz, bide alternatibo bat aurkitzeko asmoz Espezieen Uharteetaraino (Moluka Uharteak, gaur egungo Indonesia), eta, beraz, Asiako kontinenteraino.

Hainbat gorabeheraren ostean, barne gatazka, etsipen eta eurek aurkitutako hainbat lurraldetako indigenakaz topo egite bortitzen ondoren, 18 marinelek bakarrik lortu zuten 3 urte beranduago itzultzea, hezur eta azal eginak, baldintza txarretan, baina misioa beteta. Nabigatzaile horiek espedizioaren liderra, Magallanes, ere galdu zuten, baina aurrera jarraitu zuten Juan Sebastian Elcano gipuzkoarrak gidatuta, Nao Victoria ospetsuaren kapitaina, itsasontzi hori baitzen bizirik atera zen bakarra. Abenturazale horiek, inoiz egin den balentriarik handienetakotzat hartzen den horri esker, historia betiko aldatu zuten, bai komertzialki, ibilbide berrien irekieragatik, bai geografikoki eta astronomikoki, lurra esferikoa zela frogatuz.

Talde artistikoari dagokionez, Alvaro Morte (La casa de papelen besteak beste parte hartzeagatik ezaguna) eta Rodrigo Sontoro brasildarraz gain, Sergio Peris-Mencheta (Cartagena kapitaina), Adrian Lastra (Mendoza kapitaina), Carlos Cuevas (Martino), Pepon Nieto (Aita Bartolome), Raul Tejón (Gomez de Espinosa), Gonzalo Diniz (Duarte Barbosa), Manuel Morón (Cardenal Fonseca) eta Barbara Goenaga (Beatriz) aktoreak ere badaude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun