Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Getxoko Udalaren 2019ko kudeaketa ekonomiko-finantzarioa onartu du

Erredakzioa 2021ko mai. 7a, 10:14

Herri-Kontuen Euskal Epaitegia-HKEEk aho batez onartu du Getxoko Udalaren, lau erakunde autonomoen (Kultur Etxea, Andrés Isasi Musika Eskola, Getxo Kirolak eta Udal Egoitza) eta Puerto Deportivo El Abra Getxo SA sozietate publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren fiskalizazio txostena, 2019ko ekitaldiari dagokiona.

Txostenean 2019ko ekitaldiko urteko kontuei buruz emandako aldeko iritzia jasotzen da. Era berean, udal-iturriek zehaztu dutenez, zorra nabarmen murriztu da, eta 2019ko ekitaldiaren amaieran likidatutako diru-sarrera arrunten % 7,2an kokatu da. Aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa, gastuaren araua eta zorraren helburua bete dira 2019ko ekitaldiko likidazio kontsolidatuan. Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak adierazi duenez, “txostenaren arabera, Getxoko Udalak, bere erakunde autonomoek eta bere sozietate publikoak 2019an beren jarduera ekonomiko eta finantzarioa arautzen duen lege-araudia bete dute. Udal-gobernuak positiboki baloratzen du txosten honen emaitza, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako lana eskertzen dugu, bai eta txosten horretan adierazten diren hobekuntza-proposamenak ere”.

Txostenean jasotzen diren akats puntualak identifikatzeari dagokionez, Udalak berak aurkeztutako alegazioak ere erantsi dira. Zehatz-mehatz, sei dira, eta Udalak bere egin du HKEEk adierazitako irizpidea eta antolamendu-neurriak edo prozedura-aldaketak hartu ditu, arriskua murrizteko edo geroko beste espediente batzuetan gertatzeko aukera ezabatzeko.

Horrez gain, COVID-19aren eragina aipatu da, 2020. urteari dagokiona. Ekitaldiko diru-sarrera arrunten murrizketa identifikatzen du (bereziki Udalkutxa, udal-finantzaketarako funtsarena). Halaber, gastua handitu egin da, batez ere Getxoko herritarrentzako diru-laguntzetan eta jarduera ekonomikoan, pandemiaren eta haren eragin sozioekonomikoen ondorioz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun