Nerea Muñoz

"Ulertezina da orain esatea gure lana ez dela ezinbestekoa"

Julen Nafarrate 2021ko mai. 7a, 11:35

Osasun-krisiak lehen lerrora ekarri zituen iaz supermerkatuko langileak. Baina, erromotarrak aitortu digunez, euren lanak gutxietsita jarraitzen duela sentitzen dute.

Urtebete baino gehiago igaro da COVID-19ak sortutako osasun-krisiak gurean eztanda egin zuenetik. Iazko martxoan ezarritako konfinamendu zorrotzak ezohiko hainbat protagonista izan zituen, tartean, supermerkatuko langileak. “Oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu zitzaion jendeari komuneko paperarekin”. Berbak Nerea Muñoz erromotarrarenak dira. 28 urteko gazteak hiru urte daramatza Algortako supermerkatu batean lanean, eta pandemiak bete-betean harrapatu zuen bertan: “Iazko martxoan gertatu zena zoratzekoa izan zen. Egunero palet berri bat ekartzen genuen produktuekin, eta egunean bertan agortzen zen; mugak ipini behar izan genizkion jendeari”. Gogoratzen duenez, komuneko paperaren “psikosiaren” ostean, irina eta legamiaren txanda heldu zen: “Badirudi jendea konfinamenduan bizkotxo eta pastelak egiten ibili zela”.

Titular asko bereganatu zituzten orduan supermerkatuko langileek: “Gogoratzen dut martxoan ez genuela maskararik ere erabiltzen kutxetan lanean geundenean. Gaur egun pentsaezina da hori”. Baina titular eta txaloetatik harago, euren lanak gutxietsita egoten jarraitzen duela iritzi dio: “Ulertezina da orain esatea gure lana ez dela ezinbestekoa. Ni ez naiz txertoen oso lagun, baina lotsagarria da gu txertaketa-kanpainatik kanpo uztea, eta gauza bera dendari txiki eta ostalarien kasuan. Harreman zuzena dugu jendearekin, diruarekin...”.

Bezeroengan ere aldaketak igartzen ditu Muñozek: “Jendea urduriago dagoela antzematen da”. Baina, behintzat, alde positiboa ere bilatu nahi izan dio koronabirusaren agerpenari: “Lankideen artean oso giro ona dugu. Pandemia baino lehen ederto konpontzen ginen, baina krisiak gehiago batu gaitu oraindino. Ni horregaz geratzen naiz”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun