Egizu elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzagaz, Berbodromoa egingo dute datozen egunotan. Aurten ere, betiko xedea mantenduko da, hau da, euskaldunak elkartzea eta giro lasaian proposatutako gai zehatz batzuei buruz aritzea, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz egitera animatzen, eta euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukerak ematen. Aurten modu bitara egingo dituzte saioak:
- Maiatzaren 26an, eguaztenean, 18:30etik aurrera, Zoom bidez, lauko taldetan bideo-dei bidez elkartuta.
- Maiatzaren 27an, eguenean: lehenengo saioak 09:00etan eta 11:00etan egingo dituzte, Fadura kiroldegian; ondoren, 18:30ean, aldiz, Romo eskolako patioan, aurrez aurre.
Berbodromoan parte hartzeko aurretik izena eman eta galdetegi txiki bat bete behar dute pertsona interesatuek http://www.egizu.eus/berbodromoa/ webgunean.