2020-2021 ikasturtean, 1.100 bat ikasle trebatu ahal izan dira orkestra bat osatzen duten hainbat instrumentutan: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, flauta, oboea, klarinetea, tronpa, tronpeta, tronboia, tuba, perkusioa edo saxofoia. Halaber pianoa, gitarra, kantua edo euskal tradiziozko instrumentu ezagunenak, hala nola, txistua, soinua, alboka, panderoa, trikitia. Musika klasikoaren planteamenduaz gain, jazz musika ere ikas daiteke.
Eskaintza instrumental hori guztia eskolako taldeen presentzia nabarmenak ere osatzen du: orkestrak, abesbatzak, taldeak, konboak, fanfarriak eta ganbera-musikaren hainbat talde. Gainera, musikoterapia ere irakasten da Andrés Isasi Musika Eskolan.
Getxoko Musika Eskolak euskara eta gaztelaniaren elkarbizitzarako “Bizi” proiektuagaz bat egin du. Horrela, eskolak nagusiki euskaraz izaten dira, hizkuntza menperatzen ez duten ikasleei arreta pertsonalizatua eskainiz. Proiektua Musika eta Mugimendua eta Musika-hizkuntzako maila guztietara zabaldu da.